'Sanmigeletan', uda
Bihar hasita, San Migel jaiak ospatuko dituzte Gaintzan, Altzagan, Lazkaon eta Ormaiztegin. Idiazabalgo Urtsuaran eta Beasaingo Lazkaibar auzoetan ere jaiak izango dituzteUda jaiez betea izaten dela, baina iraila ere ez da gutxiagorako Goierrin. Aurrek...
Bihar hasita, San Migel jaiak ospatuko dituzte Gaintzan, Altzagan, Lazkaon eta Ormaiztegin. Idiazabalgo Urtsuaran eta Beasaingo Lazkaibar auzoetan ere jaiak izango dituzte
Uda jaiez betea izaten dela, baina iraila ere ez da gutxiagorako Goierrin. Aurreko astean Santa Anastasia jaien txanda izan bazen, honetan San Migel jaiez gozatuko dute hainbat herri eta auzotan. Altzagan, Gaintzan, Lazkaon eta Ormaiztegin ospatuko dituzte sanmigelak, baita Idiazabalgo Urtsuaran auzoan ere. Beasaingo Lazkaibarren ere jaiak dira, Mesedeetako amarenak.Altzagan eta Gaintzan urteko festa nagusiak dira sanmigelak. Altzagan bihar hasiko dira jaiak; haurrentzako ekintzak eta patata tortilla lehiaketa izango dituzte lehen egunean. Etzi, berriz, herri afaria egingo dute, eta igande goizean herri kirol erakustaldia eskainiko dute herriko aizkolariek eta trontzalariek. Astelehenean amaituko dira Altzagako festak, San Migel bezperan, herri bazkariarekin. Bazkarian Julio Soto eta Iban Urdangarin ataundarra izango dira bertsotan, eta Urretxu-Zumarragako Gari eta Iñaki trikitilariek alaituko dute giroa.
Gaintzan ere bihar hasiko dira jaiak. Mozorrotuta elkartuko dira herritarrak Oteñe erretegian, eta pilotalekura abiatuko dira. Han botako da jaien hasierako txupinazoa, eta, ondoren, herri afaria egingo dute. Afalostean jarraituko du jaiak, playback lehiaketarekin eta Elizagoien ahizpen erromeriarekin.
Asteburuan ere ez da faltako musikarik eta jan-edanerako aitzakiarik Gaintzan. Etzi arratsaldean patata tortilla lehiaketa egingo dute bigarren urtez, eta, ondoren, sagardoa eta pintxoak eskainiko dituzte, bertsolariek girotuta. Gauean, Botaik eta Guri 5 taldeek jarriko dute parrandarako aitzakia.
Igandean dagoeneko 32. urteurrenera iritsi den txirrindulari proba jokatuko da Gaintzan. Arratsaldean ikuskizuna eskainiko du animalekin Gorritik, eta mondejua eta ardoa eskainiko dituzte. Astelehenean amaituko dira jaiak, herri bazkariarekin. Igandean eta asteartean, trikitilariak egun guztian zehar izango dira kaleko giroa alaitzen.
Urtsuaranen, mondejua
Idiazabalgo Urtsuaran auzoan hiru eguneko egitaraua prestatu dute, ohiko ekintzekin. Urtero bezala, bihar eta etzi gauean mondejua jateko aukera izango da. Etzi, gainera, Patxin eta Potxin pailazoen emankinzuna izango da haurrentzat. «Urtsuarango jaietara haur asko etortzen da», esan du Aitor Zuriarrainek. Igandean, berriz, aizkora lehia eta auzotarren bazkaria izango dira. Igande goizean ere jende dezente biltzen da Urtsuaranen.
Ormaiztegin, gerra gogoan
Ormaiztegiarrentzat herri festak dira sanmigelak, urteko festa nagusiak azaroan ospatzen baitituzte. Bihar, jaietako egitarauaren barruan, Elixabete Garmendia herriko kazetariak 36ko gerra Ormaiztegin dokumentala aurkeztuko du. 2013an izen bereko liburua argitaratu zuen Garmendiak, udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren ekimenez, ahozko ondarea jasotzeko helburuarekin. Liburu hura idazteko bildutako materialarekin osatu du orain dokumentala.
Dokumentalak 27 minutu ditu, eta sei lagunen testigantzak jasotzen dira. Testigantza eman zutenetatik bik jarraitzen dute bizirik: Joxe Urreta eta Madalena Ramos. Urreta aurkezpenean izango da, eta amaitutakoan kafe tertulia egingo dute.
Etzi, bestalde, 21. Mendi BizikletaProba jokatuko da, Ormaiztegiko Txirrindularien Lagunak elkarteak antolatuta. Bi ibilbide antolatu dituzte: helduentzat 27 kilometrokoa, eta gaztetxoentzat hamabikoa. Ormaiztegi, Lierni, Mutiloa eta Zeraingo mendietan zehar egingo dute ibilbidea, eta amaieran gosaria banatuko diete partaide guztiei.
Gainontzean, urteroko ekitaldiak izango dira: harrikalari, sukaldari, toka eta mus txapelketak, herri afaria eta abar.
Lazkaon, herri afaria
Lazkaon San Migel egunean bertan izango dute jai egun garrantzitsuena, datorren asteartean, hilak 29. Ohiturari jarraituz, herri afaria egingo dute plazako pilotalekuaren babesean. Bakoitzak bere afaria eraman beharko du, baina lekua erreserbatzeko txartela erosi beharko da bihar, 09:00etan, udaletxean. Herri afariaren aurretik eta ondoren, Drindots taldeak girotuko du plaza. Bestalde, jubilatuek ere San Migel egunean egingo dute aurten euren bazkaria.