Irene Paredes campusak 110 futbolari gaztetxo elkartu ditu aurten
Legazpiko jokalariaren izena daraman futbol zelaian burutu zen joan den astean. Aurten ezin izan dio campusari amaiera eman, Espainiako selekzioarekin bilduta dagoelako.

Aurten ere egin dute Legazpin Irene Paredesen futbol campusa, zazpigarrena. Joan den astean izan da, astelehenetik ostiralera bitarteko goizetan, Legazpiko jokalari handiaren izena daraman futbol zelaian, eta 110 partaide izan ditu. Irene Paredesek berak Oscar Martinekin batera antolatutako campusa izan da, eta udalaren laguntza izan du, futbol zelaiko instalazioak utzi dituelako beste behin.
Partaideak 8 urtetik 13 urtera bitarteko haur eta gaztetxoak izan dira, neskak zein mutilak, eta eskarmentudun hamar begirale izan dituzte lagun. Guztiek jaso dute trukean kamisetaz, jertseaz eta prakaz osatutako ekipazioa, aurten hori kolorekoa.
Beste edizioetan bezala aurten Paredes ez da izan Legazpin campusari amaiera emateko. Martinek adierazi duenez, jokalariari asko gustatzen zaio Legazpira gerturatzea eta futbolari gaztetxeokin egotea, baina Espainiako selekzioarekin dago bilduta azken asteetan, eta ezin izan du konpromiso hori bete.
ARGAZKIAK: Gorka Gomez