Ordizian duela 40 urte itxi zuten azken sagardotegia. Tradizio hari eutsi nahian, Tximista sagardotegian falta zuten pausoa eman dute; dolarea jarri eta sagardoa egiten hasi dira.
Txotxa eta txinparta sagardoari lotutako hitzak dira aspalditik. Orain ordea, beste hitz bat gehitu zaio sagardoaren hiztegiari: tximista. Izan ere, Ordiziako Tximista sagardotegiak, hiru hamarkadatako ibilbidearen ondoren, pauso berri bat eman du, beraien sagardoa egiten hasita. Probako urtea da eta momentuz produkzio txikia egingo dute, baina sagardotegiaren arduradunak «ilusioz» daude. Ordiziar askok ere, pozez hartu dute berria; izan ere, badira 40 urte Ordizian sagardoa egiteari utzi zitzaiola.
Aitor Esnaolak eta Amaia Blazquezek heldu diote sagardotegiaren martxari, etapa berri honetan. Izan ere, Tximista sagardotegia 1982. urtean zabaldu zuten, «krisiak eraginda», Esnaolak azaldu duenez. «Lehen hemen galdarategi bat zegoen, baina egoera ekonomikoa zela eta, lekuz aldatu behar izan zuten, eta hortik sortu zen hemen sagardotegia jartzeko ideia». Gurasoek utzi zutenean, anaiaren eta bien artean hartu zuten negozioa. Esnaolak garbi du ordea, «sagardotegia borobiltzeko pauso bat ematea» falta zitzaiela; sagardoa bertan egitea, alegia.
Pauso hori orain emateko une egokiaren zain egon dira. «Aspalditik genuen gogoa, baina orain arte ez da momentua iritsi». Amaia Blazquezek azaldu du momentu hori iritsi izanaren zergatia. «Guk aspaldi erabaki genuen gure bizimodua honera bideratzea, eta asmo hori beti izan dugu buruan». Duela 12-13 urte, Getarian lursail bat erosi eta sagarrondoak landatzen hasi ziren. «Tartean hiru ume ere izan ditugu, eta orain denak batera hazi dira, bai zuhaitzak eta baita umeak ere».
«Esperientzia polita»
Sagardoa maila honetan egiten duten lehen aldia da, eta «apaltasunez eta ikasteko asmoz» hartu dute saiakera hau. Badakite aurreneko urtean «kalitate handia lortzea zaila», baina dena «ahalik eta hobekien» egiten saiatzen ari dira. Makineria aldetik inbertsio handia egin dute, prentsa eta kupel berriak erosiz.
Lehen ekinaldian, 10.750 litro sagardo egingo dituzte. Beraien sagastiko sagarrez gain, Oiangu, Ataun , Zaldibia, Zizurkil eta Oiartzungo sagastietatik ekarritako erabili dute. Horiek denak nahasiz, sagardo mota ezberdinak lortu nahi dituzte. «Beste sagardotegietatik desberdintzeko modu bat izango da, 10 kupel ditugu, eta denak sagardo desberdinak izatea nahi dugu, kalitate maila bat mantenduz baina denak homogeneizatu gabe».
Ohiko sagardotegia ez ezik, Tximista «sagardoa bizitzeko leku bat» izatea lortu nahi dute. Horretarako, hasieratik «ateak eta leihoak ireki» egin nahi izan dituzte, jendeak jangelaz gain, sagardoa egiteko prozesua ere ikus dezan. Sagarra ekarri eta prentsatzen aritu diren hiru asteetan, herritar ugari gerturatu zaie, galderak egin edo aholkuren bat ematera. «Batek baino gehiagok esan digu gazte garaiko usaina etorri zaiola gogora». Zuzeneko harreman hori bizitzea, «oso esperientzia polita» izan dela azaldu du Blazquezek. Izan ere, duela 40 urtera arte, sagardoa egiteko ohitura bazen Ordizian. Zentzu horretan, ohitura horri eusti nahi diote; azken batean, «galduta edo ia erabat galduta dagoen tradizioa berreskuratu» eta jarraipena eman.