Migranteen Nazioarteko Eguna ostiralean da, eta Ordizia Kolore kulturen arteko bilguneak ekintzak antolatu ditu. Migranteek gizartean duten ekarpen eta onurak nabarmendu dituzteEgun mundu osoan 230 milioi pertsona baino gehiago daude beraien izatezko h...
Migranteen Nazioarteko Eguna ostiralean da, eta Ordizia Kolore kulturen arteko bilguneak ekintzak antolatu ditu. Migranteek gizartean duten ekarpen eta onurak nabarmendu dituzte
Egun mundu osoan 230 milioi pertsona baino gehiago daude beraien izatezko herriak ez diren beste herri batzuetan aukera berriak bilatzen, zenbait kasutan «bizi berri bat» ere bai; migranteak, alegia. Ostiral honetan da Migranteen Nazioarteko Eguna, eta horren harira hainbat ekintza antolatu ditu Ordizia Kolore kulturen arteko bilguneak.
1.350 pertsona inguru bizi dira Ordizian jaiotzez bertakoak izan ez arren, biztanleriaren %13,9, hain zuzen ere. «Goierrin eta Ordizian kultur aniztasun handia dago», azaldu du Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko Migrazio eta Aniztasun teknikariak. Haren ustez, aniztasunak aberasten du kultura eta baita jendartea eraldatu ere. Horregatik sinesten du aukera ezin hobea eskaintzen dutela beste lurraldeetatik Ordiziara etorri diren pertsonak ordiziarrei: «Garapen horretan modu aktiboan parte har dezakegu horrela».
Migrazioa gizartean
Helburua zubiak eraikitzea dela esan du Ormaetxeak: «Elkar ezagutzeko zubiak, entzun, ulertu eta eztabaidatzeko guneak».
«Migrazioa beti izan da gizartearen parte», adierazi du Iñaki Dubreuil Ordiziako Udaleko zinegotziak. Finean, gizakiak egoera hobea aurkitzeko egiten duen bideari egin dio aipamen. Gainera, bi migrazio mota ere aipatu ditu. Batetik, ondo egon arren beren bizimodua hobetu nahi dutenak aipatu ditu. Migrante askok lekualdatzeko aukera dutela esan du, neurri seguru eta onekin. Bestalde, ordea, beraien egoera jasanezina delako aldaketa behar dutenez gogoratu da. Alegia, pobrezia, lan duin eza, eta giza eskubideen urraketa dela eta beraien bizilekutik ihes egin behar dutenak.
Hala mintzatu da Dubreuil: «Ohiko migrazioa egiteko aukerarik ez dagoenean, migrazio irregularra egiteko mekanismoak bilatzen dituzte migranteek». Haren hitzetan, migranteek askotan aurre egin behar diete egoera gogorrei: esplotazio, diskriminazioa eta xenofobia, besteak beste. Gainera, askotan gizartean duten balio positiboa ez dela aitortzen azaldu du.
Ostiralean, ekitaldia
Migranteen Nazioarteko Eguna aintzat harturik, Dubreuilek azaldu du momentu ona dela migranteei eskerrak eman eta aitortza egiteko. «Gizarte hazkunde eta ekonomikoan eragina izan dute positiboki», esan du. Haren ustez «beharrezkoa» da egin duten esfortzu eta lana ikusi eta onartzea. Solidaritate eta laguntza ere eskatu die herritarrei, migrante guzti-guztiek aurki dezaten Ordizian bilatzen ari diren aukera hori.
Bestalde, krisiak migranteengan izan duen eragina «handia» izan dela nabarmendu du udaleko zinegotziak: «Ondorio larriak jasan dituzte».
Arratsaldeko 18:00etan hasiko dute ospakizuna Ordizian. Barrenaren kanpoaldean elkartuko dira, eta hasieran kontzentrazio txiki bat egingo dute atarian. Ondoan oholtza bat jarrita egongo da Barrenan bertan, eta ondoren, musikaz beteriko jaialdiari emango diote paso: bertsolariak, kantariak, alboka jotzen dutenak, eta poesia errezitaldiak izango dira, besteak beste, entzungai Ordizian. Nepaldar batzuek, berriz, sitarra joko dute. Bestalde, jakinarazi dute ostiralean euria egingo balu, D´Elikatuz zentroaren barruan egingo dutela ospakizuna.