Hogei bikotek parte hartu dute heriotzarik gabeko Lazkao-Agauntza Irekia arrantza lehiaketan. Uretatik ateratako amuarrain kopurua eta luzera hartu dute kontuan
![LAZKAO_AGAUNTZA_ARRANTZA_L](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/02/LAZKAO_AGAUNTZA_ARRANTZA_L2.jpg)
Lazkaoko arrantza intentsiboko barrutian Lazkao-Agauntza Irekia arrantza lehiaketa jokatu zen, larunbatean. Estatuko toki askotatik etorritako hogei arrantzale bikotek parte hartu zuten, 40 lagunek guztira. Jose Mari Navarro eta Xabier Elizburu lazkaotarrek osatutako bikoteak irabazi zuen txapelketa.
Bigarren denboraldia da Agauntza errekan arrantza intentsiboko barruti izendatu zutenetik. Heriotzarik gabeko modalitatea egiten da bertan, urteko edozein garaitan —orokorrean, denboraldia martxoaren 19an hasiko da—.
Lazkaoko arrantzale taldeak antolatu du lehiaketa, Gipuzkoako Arrantza Federazioaren eta udalaren babesarekin. Pozik geratu dira larunbatak emanarekin; nola partaidetzagatik, hala kirol arrantza zabaltzeko lana ematen ari den emaitzagatik.
Hiru orduko arrantza aldia
Kataluniatik, Valentziatik, Huescatik, Terueldik edota Bizkaitik etorri ziren arrantzaleak, Agauntzako uretan lehiatzera. Goizean ordu eta erdiko txanda eduki zuen bakoitzak; ordu erdi ibai-zati batetik bestera joateko baliatu, eta beste ordu eta erdi kontrolatzaile gisa jardun ziren.
Barruti berezia Zubierreka paretik Senpereraino da. Hamar eremutan bereizi zuten, lehiaketarako. Ateratako amuarrain kopurua zenbatu zuten sailkapenerako, eta arrainaren luzera. Navarro-Elizburu bikote irabazleak berak arrantzatu zuen amuarrain handiena ere.
Bigarren Iñaki Muñoz eta Julen Aguado geratu ziren, eta hirugarren Ander Perez eta Juan Ramon Gonzalez.
Kainaberarekin uretatik atera —salabardoaren laguntzarekin— eta errekan bertan neurtu ondoren, uretara itzuli zituzten guztiak, bat bera hil gabe.
SAILKAPENA:
- Jose Mari Navarro – Xabier Elizburu
- Iñaki Muñoz – Julen Aguado
- Ander Perez – Juan R. Gonzalez
- Antonio Beltran – Luis Soriano
- Beñat Verdugo – Yerai Peña
- Fran Arana – Jorge Rubio
- Xiker Rocandio – Manuel Clausich
- Joseba Oiarbide – Jonatan
- Arkaitz Martin – Pedro Jimenez
- Alfonso – Raul