Festen egitarauari gaur berrekingo diote Lazkaon. San Prudentzio eguna bihar ospatuko dute, umeen eguna ostiralean eta kuadrillena larunbatean. Igandera arte luzatuko dituzte jaiak.
Urte askoan indarrean dirauten ohituren bilduma bat izango da Lazkaoko jaien bigarren ekinaldia, gaurtik igandera bitartean. Lazkaoko txirrindularitza probak 73. ekitaldia du, eskualdeko igeriketa lehiaketak 24.a, bakailaoa prestatzeko sukaldari topaketak 28.a, sueltoko dantza txapelketak 36.a… Berriagoak dira beste batzuk; prozesioa egiten duela 20 bat urte hasi ziren berriz, udalkideen soka-dantzak 13. aldia izango du, helduen danborradak zazpigarrena.
Horiek eta gehiagok osatuko dute bost eguneko egitarau mardula. San Prudentzio eguna bihar ospatuko dute lazkaotarrek. Ostiralean umeen eguna da; haur jolas parkeak hiru lekutan jarriko dituzte, adinaren arabera mailakatuta. Larunbatean, berriz, kuadrillen juntadizoa dago, koloredun blusak soinean.
Berritasunen aldetik, gaueko kros mistoa berreskuratuko dute. Ostiral gauean jokatuko da, herri barruko ibilbidean. San Prudentzio ermitan, biharko mezaren ondoren, hamaiketakoa zerbitzatuko dute, bestetik. Haurrentzat gymkana berezia ere badago. 160 umek eman dute izena, eta sariak nahiz sorpresak jarriko dituzte haientzat.
Musika, askotarikoa
En Tol Sarmiento taldeak joko du larunbatean.
Kontzertu, dantzaldi eta musika emanaldiei dagokienez, estilo askotako taldeak igaroko dira datozen bost egunetan Lazkaotik. Entzutetsuena, agian, larunbat gaueko En Tol Sarmiento taldea da. Araba Euskarazeko abestia konposatzeak ospea eman zien, eta harrezkero disko bat grabatu dute, rock gehiago eta ia guztia euskaraz sartuta.
Golden Apple Quartet ahots talde beteranoak ere kantaldia egingo du. Aurtengo urrian 30 urte beteko dituzte oholtzarik oholtza. Beste aspaldiko kantari batek, Egan-eko Xabier Saldiasek, Lazkaon azkeneko emankizuna izango du, erretiroa hartuko baitu aurki. Dantzaldien girotzea Drindots lazkaotarrak eta Oihan Vega DJak borobilduko dute. Gauean ezezik, iluntzeak ere musikaz jantzi nahi dituzte, garai bateko erromeria ukitua berreskuratzeko.
Txosnetan, Skalope eta Guri5 ariko dira ostiralean, eta Tiesto DJa larunbatean.
Pilota lehiaketak
Lapke elkartearen pilota eskolak, urteroko moduan, erakustadia egingo du. Gaur 17:30ean hasiko da jaialdia, plazako pilotalekuan. Guztira hamabi neurketa jokatuko dituzte, txikien mailatik hasi, umeetatik jarraitu eta kimuek bukatu arte.
Bihar, berriz, Lazkaoko V. Esku Pilota Txapelketa Herrikoiaren finala jokatuko da, 17:00etan, plazan.
Jaietan zehar, argazki lehiaketa indarrean da. Festei buruzko erretratuak atera behar dira. Maiatzaren 27rako utzi behar dira, bakoitzak gehienez lau.
OHARRAK
· Kantakaren kontzertua. Abesbatzak bihar 20:30ean kantaldia egingo du, San Prudentzion. Javier Alberdik zuzenduta, Debora Herrero sopranoa bakarlari eta Arantxa Gastesi piano jotzailea ere ariko dira. Euskal errepertorioak osatuko du saio gehiena.
· Ikastolakoen eskulanak. Ikasleen eskulanak San Prudentzio eskolako beirate-aretoan jarriko dute. Gaur (17:00-19:00), bihar (11:00-13:00) eta etzi (goizez eta arratsaldez) ikusi ahalko dira.
Ikastolan afariak, berriz, bihar, ostiralean eta larunbatean dira.
· Azkiren eskulanak. Lazkaoko Azki emakume elkarteak, 20. urteurrenean, eskulanen eta hari lanen erakusketa jarri du. Maiatzaren 1era arte, kultur etxeko aretoan egongo da, 12:00-14:00 eta 19:00-21:00 tarteetan.
· Kiroldegia itxita. Jaiak direla eta, Barandiaran kiroldegia itxita egongo da bihar, larunbatean eta igandean. Ostiralean 07:00etatik 18:00etara, irekita.