Mikel Urretagoiena «Energia, jarrera eta elkar eragina da The Machetazo»
Mikel Urretagoiena (The machetazo taldeko bateria-jotzailea)
Mikel Urretagoiena ordiziarra 11 urterekin hasi zen bateria jotzen Ordiziako musika eskolan. Musikenen sartu, Holandan masterra egin eta gaur egun bere proiektua du. Goierriko Jazzaldian joko du bihar, The Machetazo taldearekin.
Zenbat urterekin eta nolatan hasi zinen bateria jotzen?
Bateria klaseak hartzen 11 urte nituela hasi nintzen Ordiziako musika eskolan. Garai hartan, jazza oso urruti nuen. Rock estiloa entzuten nuen eta gustatzen zitzaizkidan taldeen abestiak jotzen saiatzen nintzen.
Norekin hasi zinen bateria jotzen?
Karlos Aranzegi izan zen nire lehenengo irakaslea. Urte bat egon nintzen berarekin. Ondoren Iñaki Telleria izan nuen irakasle sei urtez. Iñaki oso figura garrantzitsua izan zen. Perkusio klasiko aldera egin nuen berarekin eta oso base ona eman zidan. Berak gomendatu zidan aurrerago Pako Diaz Akelarreko bateria jotzailearekin klase batzuk hartzea eta musika karrera egitea Musikenen. Ondoren, Iker Uriarte izan nuen irakasle. Bateria munduan gehiago sartu ninduen irakaslea izan zen . Bateria-jazza egiten ari zen bera garai hartan Musikenen. 16-17 urtera arte izan nintzen Ordiziako musika eskolan, eta esan dezaket horiek direla nire etorkizuna markatu zuten irakasleak.
Musika talderik ba al zeneukan garai hartan?
Musika eskolaren bidez Big Bandean jotzeko aukera izan nuen, esaterako. Edorta de Pedro, zuzendariak, Elgoibarko txapelketa instrumentalera eraman gintuen musika eskolako Big Bandarekin. Bakarlari onenaren saria eraman nuen 15 urterekin.
Musikenen sartzera Iñaki Telleriak animatu zintuela esan duzu lehen.
Bai, halaxe da. Berak, musika bizitzeko modu bat izan zitekeela sinetsarazi zidan. Hala ere, Musikenen sartzeko saiakera baino lehenago, Musika Magisteritza ikasten asi nintzen Bilbon. Lau hilabete baino ez nituen pasa han. Segituan konturatu bainintzen hura ez zela niretzako, eta Musikeneren aukera benetan planteatzen hasi nintzen.
Zure gurasoek zer esan zizuten bateria jotzaile izan nahi zenuela esan zenienean?
Iñaki Telleriak berak hitz egin zuen beraiekin. Bateria jotzaile ona izango nintzelakoan zegoen bera, eta aukerak nituela bateria nire bizimodu bihurtzeko. Gurasoek, egia esan, sekula ez didate pegarik jarri. Guztiz kontrakoa, beti egon dira laguntzeko prest eta hartutako erabakietan aurrera egiteko animatu naute beti. Gauza hori asko eskertu behar diet.
Noiz hasi zenituen Musikenen ikasketak?
2010ean hasi nintzen Musikenen. Oso irakasle handiak izan nituen bertan; Jo Krause, Bob Sands… Musikari handiak guztiak. Oso esperientzia polita izan zen. Bai musikaren aldetik ikasi ahal izan nuenagatik, baina baita proiektu politetan parte hartu eta lagun handiak egin nituelako ere.
Musikenen bukatu eta zer egin duzu?
Musikeneko beste batzuekin 2014an Holandara joan nintzen Groningen hirira, New York Masterra egitera Prince Claus kontserbatorioan. Master horrek, gainera New Yorkera joateko aukera eman zidan.
New Yorkera…zer egitera?
Han klaseak hartzera. Inoiz ahaztuko ez ditudan hilabeteak izango dira. Inoiz imaginatuko ez nituen irakasleak izan nituen han. Jazz kontzertuetara joan eta bukatutakoan, aurpegi askorekin, musikariengana gerturatu eta klaserik emango ziguten proposatzen genien. Eta halaxe lortu nuen Ari Hoenigek, Kendrick Scottek edo Nate Smithek besteak beste, klaseak ematea.
Euskal Herrira bueltatuz, Donostiako Jazzaldian ere parte hartu duzu.
Bai, 2010etik, urtero parte hartu dut talde ezberdinekin; North Atlantic Jazz Connection, Reunion Big Band eta beste hainbat.
Eta asteburu honetan Goierriko Jazzaldian joko duzu, etxe ondoan.
The Machetazo taldearekin joko dut bihar, Aramako parkean 18:00tan. Eta esaten duzun bezala, etxe ondoan gainera. Lau urte daramate proiektu honekin eta badirudi erantzun ona izan duela.
Noiz sortu zen The Machetazo?
Musikenen ikasten egon nintzen bitartean, proiektu ugari elkarbanatu nituen bertan zeuden beste musikari batzuekin. Horietako hiru, Nacho Fernandez de Frutos (kitarra), Jorge Castañeda (pianoa) eta Dario Guibert (kontrabaxua) ziren. 2014an, hirurak Holandara joan ginen elkarrekin, Groningenera, hango Prince Claus kontserbatorioan New York Masterra egitera. Orduan sortu genuen The Machetazo taldea.
Nola definitzen zarete?
Energia, jarrera eta elkar eragina dira hitzak. Taldekideen artean laguntasun eta oso feeling handia dugu eta hori eszenatokian nabari da.
Jazza ez da jende gehiegik entzuten duen musika mota, zer egingo zenuke zuk jendeari zuek egiten duzuen musika gerturatzeko?
Jazzarekin zerikusirik ez duten jaialdietan sartu ahal izatea positiboa izango litzateke. Gaueko jaialdi batean arratsaldean, girotzen joateko, adibidez.
Bukatzeko, udaran kontzertu gehiago bai?
Larunbatean, lehen esan bezala, Araman izango gara eta igandean, 19:30ean, Tolosako Orbela tabernan joko dugu.













