Mundu osoko urretxuar eta zumarragarrak, Realarekin
Larunbatean Realak Kopako finala irabazi zuen Sevillan. 38 urte pasa dira zaleek azkenekoz final batetaz behar bezala gozatu ahal izan zutenetik, Atletico Madrilen aurka, penaltietan garaile… Historikoa izan zen. Jokalariek eta zaleek zuten dena eman zuten. Egun, ez dago Urretxu eta Zumarragako futbolaririk Realean, baina zaleak… Mundu osoan bizi diren urretxuar eta zumarragarren bultzada jaso zuten Realeko jokalariek. Urretxun eta Zumarragan udalek pantaila erraldoiak jarri zituzten eta Gernikako Arbola eta Euskadi plazak jendez bete ziren. Adin eta jatorri guztietako jendea elkarrekin. Oihuak, besarkadak… Zoramena. 40 urtetik beherakoek, lehenengoz final bat bizitzeko aukera izan zuten. Haurrak txundituta zeuden. Beraien bizitzako egun politena, askoren esanetan. Sevillan, berdin. Kalkuluen arabera, 800 bat urretxuar eta zumarragar joan ziren Sevillara. Lau pauso eman eta beste herritar bat. “Zuek ere hemen? Aupa Real!”. Realeko jokalariek herritik urrun bizi diren urretxuar eta zumarragarren bultzada ere jaso zuten. Ez zuten herrira etortzerik izan, ez zuten Sevillara joaterik izan… baina partida telebistan ikusi zuten (horietako batzuk, jakizue ze ordutan jaikita). Javier de Luz eta Jon Ander Camposek, adibidez, San Franciscoko Euskal Etxean ikusi zuten partida, Peio Calvo ordiziarrarekin. Ondoren, sagardotegi afaria egin zuten Euskal Etxeko frontoian.
















