Urretxuko Motz tabernaren azken guda dantza
Larunbatean Urretxuko Motz tabernaren agur festa egingo dute. Bazkaria antolatu dute Goierri elkartean eta ondoren Eh, Mertxe! eta The Hot Dogs! taldeek gaztetxean joko dute.
Gaizka Oiartzabalek Urretxuko Motz taberna utziko du, 20 urteren ondoren. Bi hamarkada hauetan makina bat kultur ekitaldi eta parranda egin dira taberna horretan. Larunbatean festa egingo dute: Goierri elkartean bazkalduko dute eta ondoren, 19:30ean, Eh, Mertxe! eta The Hot Dogs! taldeek kontzertua egingo dute gaztetxean.
Oiartzabal oso gaztetan hasi zen ostalaritza munduan. Taberna askotan lan egin du: Urretxuko Osaban, Bergarako Deportivon, Legazpiko Arranon, Urretxuko gaztetxean, Motzen (berak erosi aurretik), Eitzako txosnan, Eitza taberna auzoko jaietarako hartu zuen urte batzuetan…
Motz bere proiektu pertsonalena izan da. «Bizitza nonbaiten utzi badut, hemen da. Hemen emandako orduak, galdutako lo orduak, buruhausteak… Motz erreferentzia izatea nola lortu… Lortu nuela uste dut, baina lan handia egin nuen horretarako. Saiakera asko. Nire energiaren %90a hemen utzi dut».
Gauzak asko aldatu dira azken 20 urteetan. «Kontsumo ohiturak asko aldatu dira, bezeroak asko aldatu dira… Horrek asko erre nau. Nire ustez, lehen zerbitzariekiko errespetu handiagoa zegoen. Eta exijentzia maila asko igo da. Jendeak 2,80 euro ordaintzen du garagardo baten truke eta ez da konturatzen diru horren truke berogailua, komuna, musika… ere badituela. Denok lehen baino egoistagoak garela uste dut».
Horrek, eta familiarekin egoteko zailtasunak, taberna uztera eraman dute. «Gaueko lanak nazkatu nau, batez ere. Umeak eduki nituenetik, oso gogorra egin zait gauez lan egitea: umeekin egoteko aukera ez izatea… Arratsaldeko seietan irekitzen hasi nintzen, baina motz gelditzen zitzaidan. Familian, eguna erditik mozten nuen. Donostiara joaten ginen, baina seietan taberna ireki behar nuen. Gogorra egin zait. Eta gaua zer esanik ez… Etxera goizeko bostetan joan eta hurrengo egunean porru eginda jaiki… Dagoeneko ez ditugu 20 urte. Espidifena behar dugu berandu oheratzen garen bakoitzean».
Motz maiatza hasieran itxiko du eta erreleboa izango du. Lehenago, agur festa egingo du. Ez du berak nahi bezala antolatzeko aukera izan. «Ez didate utzi, ez Urretxuko Udalak eta ezta Zumarragako Udalak ere. Ez dizkidate karpa eta eszenatokia utzi, enpresa pribatu bat naizelako. Okerrena ez da hori izan. Hori aurreikusten nuen. Batez ere, Urretxuren aldetik, harremana ez delako oso ona. Zumarragarekin harremana hobea zela uste nuen. Tasa edo alokairua ordaintzeko prest nengoen, noski. Zumarragako Udalari Eitzako ermita eskatu nien bazkarirako, mahaiak eta aulkiak nik jarrita. Alperrik. Asko haserretu naiz, udal azpiegiturez gain, ez baitidate espazioa uzten. Azken hilabete, aste, egunetan… enpresa pribatuei baimenak eman zaizkie. Niri ez didate eman, ordea. Nik neuk ekitaldi asko egin ditut nire izenarekin».
Goierrin eta gaztetxean
Azkenean, gaztetxea arduratu da antolaketaz. «Gaztetxearekin akordio batera heldu nintzen, dena bertan egiteko, beraiek kudeatuz. Ni bazkariaz eta kontzertuez bakarrik arduratuko nintzen. Ez dakit zergatik, Urretxuko alkateak hori ere debekatzea erabaki zuen. Gaztetxea berralokatu egin behar zidatela ulertu zuela dirudi. Baina gaztetxeak 50 urteko historia du eta sekula ez zaio inori berralokatu. Azkenean, bazkaria Goierri kirol elkartearen egoitzan egingo da eta kontzertua gaztetxean. Gaztetxeak hartu ditu bere gain. Antolaketa bere gain gelditu da».
Bazkariko eta kontzertuko tiket guztiak saldu dituzte. Gernikako Arbola plazako pantaila erraldoian Kopako finala eta gaztetxean Motzen finala. Batean Mikel Oiartzabalen golak eta bestean The Hot Dogs! taldearen musika. Goizean kafea, arratsean ron… kantazak berriro Iturbetar Jon!













