Hegialdeko historia berreskuratzeko laguntza eskea
Legazpiko auzo multzo horretako jaiak ekainean ospatuko dituzte, eta larunbatean, dirua biltzeko Hegitalo festa egingo dute. Batzordeko kideek auzotarren eta gainerako legazpiarren laguntza eskatu dute, jaiek 50 urte betetzerako duten proiektu bati begira. Argazki zaharrak behar dituzte.
Hegialden hasita daude jaiei begira. Aurten ekainaren 6ko Xabi Ortiz de Luzuriagaren omenezko mendiko bizikleta ibilaldiak irekiko ditu, eta hurrengo asteburuan, ekainaren 12an, 13an eta 14an ospatuko dira.
Jai batzordea lanean dabil aspaldi, eta larunbaterako Hegitalo Festa antolatu du, dirua biltzeko, eta auzotarrak eta legazpiar guztiak elkartzeko helburuarekin. Hegitalo Festa Laubideko oinezko kale nagusian ospatuko da, 11:00etan hasita, eta azken urteetan bezala, taloez gain, haurrentzako jolasak ere izango dira, eta ekaineko jaietarako atera duten materiala salduko dute.
Aurten salgai jarri dituzte kamisetak 10 euroan, jertseak 30 euroan, zapiak 2 euroan eta leiho eta balkoietarako banderak 10 euroan. Larunbateko festaren ondoren ere salduko dituzte inguruko hainbat taberna eta establezimendutan.
Garai bateko irudiak
Baina auzo multzo honetan hurrengo ekainari bakarrik ez, aurrerago ere jarrita dute begia, jaiek 50 urte betetzen dituztenean. Halako urteurrena ospatzeko, iragana astintzea pentsatu dute, eta azken hamarkadetako historia jasotzeko baliagarria izan daitekeen materiala biltzen ari dira. Argazkiak, egunkari zatiak, dokumentuak… denak balio du Hegialderen historia zati hori berreskuratzeko, eta legazpiarren laguntza eskatu dute. Materiala biltzeko asteazkenetan 17:00etatik 19:00etara egongo dira, Olamendi eskolako parkean, eta potxolahegialde@gmail.com helbidera ere idatzi daiteke.
Jaiak 1980an ospatu ziren lehen aldiz, baina aurretik Hegialde Auzo Elkartea sortu zuten orduko auzotarrek. Haiek hasita, makina bat aldarrikapen eta eskaera gauzatzen joan dira Legazpiko ingurune horretan, botika, autobusaren geralekua, kutxazain automatikoa, oinezko gunea edo pilotaleku estalia, besteak beste. Horiek guztiak auzotarren ahalegin kolektiboaren emaitza dira, eta horren memoria gordetzeko lana da esku artean dutena.















