Oin-Arinen 50. urteko festarako txartelak eta zapiak salgai dira
Lazkaoko Oin-Arin dantza taldea urrezko ezteiak ospatzeko urtean da. 50 urte bete ditu aurten (1966-2016), eta bi alditan antolatu dituzte ospakizun ekitaldiak: apirilean izan zen dantza saio berezia, eta irailaren 23-24an borobilduko dute.Irailaren 23...
Irailaren 23an argazki eta jantzi erakusketa zabalduko dute, kultur etxeko aretoan. Urriaren lehenengora arte egongo da. 18:00etan da irekiera.
Ondoren, 19:00etan Ane Albisuk dantzarako jantzien inguruan hitzaldia egingo du.
Biharamunean, irailak 24, larunbata, festa handia izango da Lazkaon. Dantzari ohiak eta egungoak elkartuk odira, 10:30ean, plazan. Desfilea egingo dute herrian barrena, eta 12:00etan dantza saioa plazan.
Lagun arteko bazkaria
Dantzari izandakoek, orain dabiltzanek, taldekide guztiek, familiek eta lagunek bazkaria egingo dute dantza saioa eta gero, 14:30ean, plazako frontoian. Bazkarira joan nahi dutenek, txartelak aurrez erosi behar dituzte. Dagoeneko salgai jarri dituzte Oin-Arinekoek; irailaren 3tik 18ra arte eros litezke, Alboka eta Zelata tabernetan. 10 euro balio du bazkariak.
Irailaren 24ko festa borobiltzeko, Aiko musika taldeak erromeria girotuko du (17:30).
Bestetik, Oin-Arinek 50. urteurreneko lepoko zapi berezia atera du. Taldeko kideei eska dakieke. 5 euroko prezioa du.