Lartxai elkartea, aro berri baten hasiera
Lazkaomendiko Lartxai elkartea 1982an egituratu zen baserritarren elkargune gisa, aurretik auzoko eskola publikoa egon zen eraikinean. Aitor Altuna Lartxai elkarteko kideak azaldu duenez, ...
Lazkaomendiko Lartxai elkartea 1982an egituratu zen baserritarren elkargune gisa, aurretik auzoko eskola publikoa egon zen eraikinean. Aitor Altuna Lartxai elkarteko kideak azaldu duenez, «baserritarrak elkartzeko leku baten beharra zegoen, auzolana sustatu eta harremanak sendotzeko, eta herriak erabaki zuen leku aproposa izan zitekeela hau».
Azken urteetan, bazkide belaunaldi berriek elkartea «gutxika beheraka» zihoala sumatu dute: «Hasierako oinarriak galduz joan da poliki-poliki, eta azken urteetan taberna bezala bakarrik funtzionatu du». Lartxai baserritarren elkargune izateko jaio zen, eta ideia horretatik tiraka, elkarteak beste ekintza batzuk aurrera eramateko lekua izan behar duela hasi ziren pentsatzen orduan.
Aurretik berrikuntza lanak ere egin dira Lartxain, baina inguruko baserritarren interesekoak izan daitezkeen ekintzak aurrera eramateko eraikina egokitu beharra ikusi zuten. Altuna Lazkaoko Udaleko zinegotzi ere bada, eta baserritarren artean zerbait egiteko gogoa ere bazegoela ikusita animatu zen, beste bazkide batzuekin batera, Lartxai elkarteari bizi berri bat ematera. 2015ean Goimenen eta Lazkaoko udalaren diru-laguntzari esker elkarteko bilera gela berritu zuten: «Lurra aldatu, pintatu, altzari berriz hornitu eta proiektore berri bat jarri dugu».
Azaroan ikastaroa
Kanpoaldeari ere itxura aldatu diote, «pilotaleku txikia txukundu dugu eta eraikinaren fatxada pintatu». Orain, kanpoaldea atontzea gelditzen da, eta pilotaleku ondoan haurrentzako parke txiki bat eraikitzea ere aurreikusten da. Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza emango dien ala ez jakitea falta zaie orain.
Elkartea biziberritzeko bide honetan, baserritarren eta edozein partikularren interesekoa izan daitekeen ikastaroa antolatu dute azarorako Lartxain. Izaskun Altuna elkarteko kideak azaldu duenez, fitosanitarioei buruzkoa izango da. «2015ean Eusko Jaurlaritzak araudi berria indarrean jarri zuenetik fitosanitario profesionalak erabili ahal izateko agiria atera beharra dago». Agiri hori ateratzeko derrigorrezkoa da ikastaro hau egitea.
Parte hartzeko interesa dutenek, urriaren 31ra arte izango dute izena emateko aukera, udaletxera deituta —943 08 80 80— edo kultura@lazkao. eus-era mezu bat idatzita. Ikastaroa 25 ordukoa izango da eta azaroaren 21etik 25era emango da Lartxain bertan, 15:00etatik 20:00etara. Matrikula 40 euro kostako da eta gutxienez 40 laguneko taldea osatu beharko da.
Altuna pozik dago ikastaroarekin: «Orain arte Fraisoron bakarrik zegoen ikastaroa egiteko aukera, baina hemen inguruko baserritar askorentzat traba handia zen bertaraino joan beharra. Askok eskatu dute ikastaroa hemen bertan egin ahal izatea». Oinarriak jarrita daude, bizia ematea, berriz, hemendik aurrerako erronka izango da.