Bihar, futbol festa handia Legazpin
Futbol-7 txapelketaren finala jokatuko da Irene Paredes zelaian, Astapotrok eta Bayern de los Caidos taldeen artean, eta bazkarian elkartuko dira ondoren partaideetako 450 lagun, Azokan. Zker Band elektrotxarangak girotuko du arratsaldea.

Legazpiko futbol-zazpi txapelketaren finala bihar da, eta festa bihurtuko du egun osoa. Irene Paredes futbol zelaian hasiko da guztia 11:00etan, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituen partidarekin: Deportivo de la Cornuda eta Los Pelegrinos izango dira lehian. Final handia 12:30ean jokatuko dute Astapotrok eta Bayern de los Caidos taldeek.
Aurreko edizioetan bezala, festa giroa nagusituko da kirol gune osoan. Eta finala erabaki eta sariak banatuko dira ondoren, futbol zelaian bertan.
Azokan jarraituko du festak. Han elkartuko dira bazkaltzeko txapelketan parte hartu duten jokalariak eta horien lagunak, 450 guztira. Bazkalondoan musika jarriko du Zker Band elektrotxarangak, eta erdiguneko kaleetara zabalduko du parranda, gaueko ordu txikiak arte.
Sari ugari
Bi kanporaketen tartean jolasak izango dira futbol zelaian, babesleen eskutik, Ilintiren Lintxo maskotarekin, besteak beste.. Finala amaitutakoan, sariak banatuko dituzte bertan: jokalari mutil onena, jokalari neska onena, pitxitxiak, eta txapelduna eta txapeldunordea.
Ilinti merkatari elkarteak emandako sariak jasoko dituzte batzuek, eta afariak Aitxuri jatetxean besteek. Ez dira horiek txapelketaren babesle bakarrak, Matxete ile apaindegia, TxoEsna elkartea, KTE tabernarien elkartea, Attiko eta Zuzen diseinu gr afikoko estudioak eta Arbizu edariak ere tartean direlako, Gaztetxearekin eta udalarekin batera. Horiei guztiei esker, sariak ez ezik, partaide bakoitzak kamiseta jaso du, eta biharko bazkarian zehar bestelako opariak ere izango dira, besteak beste txapelak, eskumuturrekoak, abanikoak eta txapak zabaltzekoak.
Aurten ia 500 jokalari
Maiatzaren amaieran abiatu zen aurtengo txapelketa, 16.a. Aurten 39 taldek parte hartu dute, 16 urtetik gorako 497 futbolariz osatutakoak, neskak eta mutilak. Talde horietatik 26 gizonezkoez osatuta zeuden, sei emakumezkoez, eta zazpi mistoak ziren. Hiruk, gainera, nazioarteko titulua zuten, kanpoko jatorria duten legazpiarrez osatuta zeudelako. Senegaldarrak ziren talde batekoak, eta Honduraskoak beste biak.

Bayern de los Caidos, bigarren talde finalista.