«Nolabaiteko sukarra dago onddoekin, baina nik uste dut moda kontua dela»
Bihar eta etzi, 23. Asteburu Mikologikoa egingo dute Legazpin, Beti Gazte Animakzio Taldeak antolatuta. Bihar perretxikoak bildu eta sailkatuko dituzte. Igandean, ...
Bihar eta etzi, 23. Asteburu Mikologikoa egingo dute Legazpin, Beti Gazte Animakzio Taldeak antolatuta. Bihar perretxikoak bildu eta sailkatuko dituzte. Igandean, berriz, erakusketa egingo dute azokan, 11:00etatik 15:30era. Aurtengo berritasunak azaldu ditu Igor Iñurritegi antolatzaileak.
Nolatan hasi zineten asteburu mikologikoa antolatzen?
Lehen Lekanazpi Elkarteak antolatzen zuen mikologia asteburua. Haiek urte askoan antolatu zuten, baina utzi egin zuten, eta sei bat urtez ez zen egin. Beti Gaztekooi pena ematen zigun mikologia asteburua ez egitea. Horregatik, beraiekin harremanetan jarri ginen eta mikologia asteburua antolatzeko ardura hartu genuen. Lekanazpikoek ere laguntzen digute oraindik. Jendeari perretxikoen mundua ezagutzera ematea da helburua.
Aurten jendea kontzientziatu nahi duzue mendian ikusitako perretxiko guztiak ez biltzeko. Zergatik?
Urtero mendira joaten gara perretxiko bila, igandeko erakusketarako. Gero, Aranzadik sailkatu egiten ditu perretxiko horiek, eta izena jartzen die. Aurten, espezie batzuk galtzeko arriskua dagoela esan digu Aranzadik, eta mota bakoitzetik bizpahiru baino ez biltzeko aholkatu digu, ikusitako guztiak saskian sartu ordez. Jendea kontzientziatu nahi dugu, aurkitutako guztiak ez biltzeko.
‘Selfie’ lehiaketa ere antolatu duzue.
Bai, perretxikoekin ateratako selfien lehiaketa egingo dugu. Irabazleak hamaiketakoa jasoko du saritan. Selfieak modan daudenez, jendeak parte hartzeko modu polita iruditu zitzaigun. Horrez gain, egunean bertan saski bat jartzen dugu, jendeak pisua asma dezan. Arrakasta handia izaten du.
Nola doa aurtengo perretxiko denboraldia?
Jendea ari da perretxikoak biltzen. Badaude.
Zein dira inguru honetan gehien biltzen direnak?
Onddoak dira gehien biltzen direnak. Jende asko onddo bila joaten da propio, eta ez du besterik biltzen. Nolabaiteko sukarra dago onddoekin, baina nik uste dut moda kontua dela: orain dela 30 urte, diotenez, ia inor ez zen ibiltzen mendian perretxiko bila. Orain, Otsaurtera joan eta kotxez beteta egoten da. Onddoen atzetik, gibelurdinak eta nikaloak biltzen dira gehien. Niri gibelurdina gustatzen zait gehien, onddoa baino finagoa iruditzen zait.
Jendeak ba al daki perretxikoak bereizten?
Denetik dago, baina nik uste dut orokorrean baietz. Onddoa, gainera, oso zaila da perretxiko txarren batekin nahastea.
Zein aholku emango zenioke perretxiko bila lehenengo aldiz joan behar duen bati?
Perretxiko motak ezagutzea edo dakien bati galdetzea. Behintzat, ez edozein biltzea. Esaten dute, saski berean onak eta txarrak nahastuz gero, onak kutsatu egiten direla. Ez dakit zenbateraino den egia. Bestalde, perretxiko osoa biltzea aholkatzen da, identifikatu ahal izateko.
Legazpin zein ingurutan biltzen dira perretxikoak?
Korostin, Santamañan, Brinkolan, Aztiria aldean… badaude lekuak. Altsasuko kantera aldera ere joan izan gara hemendik.