Oianguko lehenengo Open Euskadi BTT proba jokatuko da astelehenean
BTTlandiak Txapelgorri elkartearen laguntzarekin antolatutako proba da. 239 metroko desnibel positiboa duen 6,2 kilometroko itzulia egin behar dute partaideekMaiatzaren 1ean, astelehenean, jokatuko da lehenengo aldiz Oianguko Open Euskadi BTT proba, O...
BTTlandiak Txapelgorri elkartearen laguntzarekin antolatutako proba da. 239 metroko desnibel positiboa duen 6,2 kilometroko itzulia egin behar dute partaideek
Maiatzaren 1ean, astelehenean, jokatuko da lehenengo aldiz Oianguko Open Euskadi BTT proba, Ordiziako Oiangu par-kean eta inguruetan, BTTlandiak, Txapelgorri elkartearen laguntzarekin antolatuta. Guztia prest dute eta orain, antolakuntzak adierazitakoaren arabera, «eguraldi aproposa egitea baino ez da falta». Astelehenean, 11:00etan hasiko da proba.Mendi bizikletaren zaletu amorratuak dira BTTlandiako kideak, nahiz eta orain urte gutxi hasi ziren kirol horretan. Oiangun mendiko bizikletarekin ibili ahal izateko bideak zabaltzen hasi zen lagun talde hau, orain hilabete gutxi, eta hortik sortu zitzaien Oianguko BTT Open Euskadi saria antolatzea. Jende guztiarekin elkarbanatu nahi dute, duten afizioa; «Oianguko probaren bidez, BTTa ezagutzera ematea da helburu nagusia».
Emozio berriak behar dituzten pertsonak dira, geldi egotea gustuko ez dutenak, eta horregatik gauza asko eskaintzen dizkie kirol horrek. Sentipen horiekin «gainontzeko guztiak ere kontagiatu» nahi dituzte. Horregatik, maiatzaren 1ean jendez bete nahi dute Oiangu, «ez txirrindulariz bakarrik, gainontzeko herritar guztiak ere gonbidatu» nahi dituzte, Oiangun «egun zoragarria pasatzera».
Probaren xehetasunak
Mendi bizikleta proba honetako parte hartzaileek izena emateko puntua Oiangu parkean egongo da kokatuta. Oiangu baserriaren alboan dagoen eraikinean izango da, hain zuzen ere. Eraikin horretan aurkituko dituzte parte hartzaileek, probaren amaieran, dutxak eta baita hamaiketako txiki bat ere, proba ondoren indarrak berreskuratzeko. Sari banaketa ere bertan izango da.
Ibilbideari dagokionez, aldaketa txiki batzuk izan ditu. Horrela, «itzulia burutzeko beharrezkoa den denbora gutxitu eta hobe egokituko» dela uste dute antolakuntzakoek. Itzulia 6,2 kilometro ingurukoa izango da, 239metroko desnibel positiboarekin. Mailak eta horietako bakoitzean egin beharreko itzuli kopuruak ondorengoak izango dira: elite eta 23 urtez azpikoek, bost itzuli; master 30ekoek, lau itzuli; master 40, junior eta emakumeek, hiru itzuli; azkenik, kadete mailakoek bi itzuli egin beharko dituzte.
Irteera puntua Goierri eskolan kokatuko da eta helmuga, Oiangu parkean. Lehenengo parte hartzailea 11:00etan aterako da, gainontzekoak berriz, bi minutuko aldearekin hurrenez-hurren. Elite maila eta 23 urte azpiko mailak aterako dira lehendabizi, masterrrak ondoren eta eta jubenil, emakumeak eta kade-teak azkenik.
Dena den, eguraldi txarra egiten badu eta zirkuitua oso lokaztuta jartzen bada, itzuli kopurua mantendu egingo da, baina itzulia laburtu egingo dutela azaldu dute antolakuntzakoek.
Trafiko mozketak
Hurrengo astelehenean burutuko den Open Euskadi MTB Oianguko sari nagusia dela eta, 10:00etatik aurrera eta 14:00ak arte, Okorrobidea (Altamira) eta Albitxu (Lazkaomendi) bitarteko trafikoa erabat itxita egongo da. Larrialdiren bat sortuz gero, Ordiziako Babes Zibilera deitu behar da 679 120 212 telefono zenbakira eta irtenbidea ematen saiatuko dira. Egun horretan, aurrez behar diren neurriak hartzea gomendatzen da.