Aritz Egea, Oihana Kortazar, Saioa Arkonada eta Beñat Katarain maratoiari buruz aritu dira. Egea faborito nagusietako bat da, eta Kortazarrek ez du parte hartuko
Denek nahi dute, altxorrik preziatuena da, baina bi bakarrik daude. Bi korrikalarik bakarrik lortuko dute Zegama-Aizkorriko txapela janztea:?gizonezko batek eta emakumezko batek. Emakumeen artean asko izaten dira urtero irabazteko aukerekin irteten direnak. Gizonezkoen artean, aldiz, Kilian Jorneten hutsuneak inoiz baino irekiago utzi du lasterketa. Hori dela eta, askok, behingoz irabazteko aukera dutela uste dute eta erasokor arituko dira. Aritz Egeak, Oihana Kortazarrek –ez du parte hartuko azkenean–, Saioa Arkonadak eta Beñat Katarainek lasterketari buruz hitz egin dute.
«Nahiago dut Kilianen atzetik bigarren egin, Kilian gabe irabazi baino»
Aritz egea (Korrikalaria)Aditu askok Egea urretxuarra faborito argi bezala ikusten dute, denboraldi hasiera bikaina egin baitu. Bera zuhur ageri da. «Ez dut uste faboritoa naizenik. Egia esan, ezinezkoa ikusten dut irabaztea, baina gauza handiagorik ez legoke. Denboraldia oso indartsu hasi nuelako jotzen naute faboritotzat. Izan ere, La Palmako lasterketan korrikalari oso onei denbora asko atera nien».
Egeak bere buruari presioa kendu nahi dio, baina dagoeneko badaki podiumetik gertu egotea zer den: 2015ean 4. egin zuen eta lau ordutik jaitsi zen. Aurten, gainera, inoiz baino indartsuago dago. «Psikologikoki, inoiz baino motibatuago eta indartsuago sentitzen naiz. Ez dakit zer aldatu den, baina iaz oso gogo gutxirekin aritu nintzen. Motibazioa oso garrantzitsua da entrenatzeko: motibatuta bazaude, buruak sufritzen uzten dizu».
Ez du faboritorik aipatu nahi. «Egia esan, ez dakit nor datorren ere. Beti bezala, oso jende ona etorriko da. Kilian ez etortzea pena da, baina horrek karrera irekiagoa bihurtzen du eta besteon gogoa pizten du. Jendea erasokor arituko da. Dena den, nahiago dut Kilianen atzetik bigarren egin, Kilian gabe irabazi baino. Kilianek sekulako oihartzuna ematen die lasterketa guztiei».
«Iaz bezalaxe, sei ordu eta bi minututik jaistea da nire aurtengo helburua»
Saioa Arkonada (korrikalaria)
Saioa Arkonada zegamarra iritzi berekoa da. 2015ean parte hartu zuen lehenengoz Zegama-Aizkorrin eta aurten hirugarrengoz parte hartuko du. 2007an murgildu zen mendi lasterketen munduan, baina lehenengo lesio batek eta gero amatasunak, Zegama-Aizkorrin parte hartzea eragotzi zioten.
Duela bi urte sei ordu eta bi minutu behar izan zituen lasterketa amaitzeko eta bere helburua denbora horretatik jaistea da. «Iaz ere hori zen nire helburua, baina oso eguraldi txarra egin zuen eta bukatzearekin nahikoa izan nuen». Zegamako korrikalariak Kortazarrek edo Maiorak irabaztea gustatuko litzaiokeela esan du.
«Batzutan erabakiak hartu behar dira, eta ez naiz irteeran egongo»
Oihana Kortazar (Korrikalaria)Euskaldunen artean, neskek mutilek baino emaitza hobeak lortu izan dituzte. Oihana Kortazarrek, adibidez, 2011ko eta 2012ko edizioak irabazi zituen. Bere izena urrezko letrekin dago idatzita lasterketa honen historian. Elkarrizketa hau egin zenean, artean ez zekien parte hartuko zuen ala ez, orkatilako lesio larri batetik atera berria baita. Twitter bidez iragarri zuen asteartean ez dela Zegaman izango. «Batzutan erabakiak hartu behar dira, horregatik domekan ez naiz irteeran egongo! Baina lasai, denboraldia luzea da eta!».
Ez parte hartzeko erabakia hartu aurretik, hitz hauek egin zituen Kortazarrek. «Helburua ez da irabaztea, sentsazioak berreskuratzea baizik. Ez nago sasoi betean eta beste askok kale egin beharko lukete ni lehenengoen artean sartu ahal izateko».
Faborito asko daudela uste du. «Maite Maiora lasterketa buru-belarri prestatzen ari da eta iaz eduki zuen zorte txarra ez edukitzea espero dut. Emelie Forsberg ere sasoi betean etorriko dela uste dut eta Anna Frostek eta Yingvild Kaspersenek ere parte hartu behar dute».
«Bi irabazleak euskaldunak izatea asko gustatuko litzaidake»
Beñat Katarain (korrikalaria)Arkonada Oñatin bizi den zegamarra da eta Beñat Katarain, berriz, Zegaman bizi den lakuntzarra. Bi urte daramatza Goierrin bizitzen eta lau aldiz parte hartu du Zegamako lasterketan. Bere denbora onena lau ordu eta 55 minutukoa da. Iaz egin zuen, nahiz eta eguraldia oso txarra izan zen. «Lau ordu eta 40 minututan egin nahi nuen, baina eguraldi txarra egin zuen eta gorputzaldi kaxkarra nuen».
Bere helburua iazko denbora hobetzea da. «Oraingoz prestaketa oso ondo doa, baina azken unera arte edozein gauza gerta daiteke». Faboritoen artean, Egea eta Maiora aipatu ditu. «Bi irabazleak euskaldunak izatea asko gustatuko litzaidake».
ZEGAMA-AIZKORRI:
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.