Legazpiko Sorgintxulo aisialdi taldea sortu zutela hogei urte betetzen dira aurten. Urteotan taldean monitore lanetan ibilitako 174 lagunek larunbatean urteurrena ospatzeko bazkaria egingo dute Arkupeetan.

Sorgintxulo aisialdi taldeko kideek bosteko multiplo diren urteurren guztiak ospatu dituzte orain arte. Bosgarrena, hamargarrena, hamabosgarrena eta konturatu gabe hogeigarrenean plantatu dira. Hogei urte Legazpiko gaztetxoak sorgintzen, hogei haurrak, gaztetxoak zein helduak saretzen.
Datorren larunbatean 174 kide elkartuko dira Legazpiko Arkupeetan. Guztiak aisialdi taldeko monitore izandakoak dira, gehienak aurretik Sorgintxulok antolatutako ekintzetan parte hartutako umeak izandakoak dira. Bazkarian egun aktiboan dauden monitoreek ere parte hartuko dute. Kalejira, txaranga, bazkaria, DJa, karaokea, txistor jana eta haurrekin urtetan egindako jokoetan arituko dira monitoreak.
Urteurrenaren harira, belaunaldi ezberdinetako Sorgintxuloko kideak elkartu ditu GOIERRIKO HITZAk. Aisialdi taldearen sorreratik egungo taldearen dinamikara arteko kontakizuna egin dute guztien artean, eta agerian geratu da Sorgintxuloren bizkarrezurra udalekuak direla, hala izan dela lehen eta hala dela orain ere.
Udalekuei buruz aritu aurretik, ordea, taldearen sorrera kontatu dute Iker Azpeitiak eta Mikel Escuderok. «Legazpin Erkatz aisialdi taldea zegoen parrokia bueltan. Jaunartzetik konfirmaziorako adin tarteko gaztetxoak ibiltzen ziren. Halako batean, elizatik azken bost urtetako memoria eskatu ziguten eta haien helburuak ez genituela inondik ere betetzen jabetuta, handik ateratzea pentsatu genuen», azaldu du Azpeitiak. Pausoa eman zutenen artean Jaione Gurrutxaga eta Joseba Villarreal aipatu ditu. Azpeitiak dio bera «Erkatzeko umea eta monitorea» izan zela. Talde berria sortzeaz batera udalak Itxaropenen orain ere duten egoitza utzi zien: «Ordura arte jostunak egon ziren».
Escuderoren kontakizuna hari beretik doa: «Aisialdia landu nahi bai, baina elizatik at, herrira zabaldu nahi genuen. Hasieran bi taldeak egon ziren, gero elizakoa desagertu egin zen». Escudero salbuespena da, bera ez baitzen Sorgintxuloko ezta Erkatzeko «umea» izan, zuzenean hasi zen bera monitore lanetan.
Jarraitzeko gogoa

Bildutako monitore ohi zein egungo monitoreak belaunaldi ezberdinetako kide dira. Gehienak izan dira Sorgintxuloko «umeak». Iban Najerak pasabidea nolatan egin duten azaldu du: «Taldean ume bezala lau urte inguru egin, eta jarraitzeko gogoak gailentzen zaituenez, monitore lanetan hasten zara. Finean, zuk bizitakoa gainontzekoei biziarazi nahi diezulako». Denek txalotu dituzte Najeraren hitzak ezin hobeto azaldu duelako guztiek «ume» izatetik monitore izateko pasabide horretan sentitu dutena. Jone Narbaiza eta Mikele Arizkorreta orain gutxira arte beste aldean egon ondoren, monitore dira jada. «Sorgintxulok asmatzen du, ez daukat kexarik», dio Narbaizak. Arizkorretak haurrek sakelakorik ezin dutela eraman, eta hala gaztetxoak nola monitoreak ere haiekin «ahanzten» direla gehitu du, «han gazteok sakelakoetara itsatsita gaudenaren teoria hori erori egiten da».
Udalekuak ez zituzten hasieratik bertatik antolatu. Iker Azpeitiak azaldu duenez, «oraindik ez zegoen haurrik taldean eta askariak antolatzen genituen umeak erakartzeko». Gerora, udalekuekin hasi, eta haiekin harrapatu dituzte gaztetxo legazpiarrak.
Ainara Mantxolak azaldu du zer nolako udalekuak diren: «Zelai batean kanpaleku osoa muntatzen dugu, sekulako lana da eta 50 gaztetxo baino gehiagoren ardura hartzen dugu, baina merezi du». Judith Velascok erantsi du, «gaztetxoak eta monitoreak oso gertu egoten gara adinean eta horrek ere laguntzen du loturak sendotzen». Areago, Unai Otaegiren hitzetan, «taldeko harremanak indartzea da udalekuen ardatza, baita adin ezberdinetako gaztetxoen artean ere». «Bakoitza haurtzat dute bere etxean eta udalekuetan besteen ardura hartu behar duzu», adierazi du Velascok. Iaz 21 monitore berri sartu ziren Sorgintxulon eta denek jarraitzen dute.
Premia bereziak dituzten haurrak joan dira udalekuetara, zelai batean antolatutako kanpalekuko sukaldean menu ezberdinak haurren beharretara egokitzen dituzte eta lagunak egiteko zailtasunak dituzten umeak ere lagunak egiten ikusi dituzte. Diotenez, denek ere honezkero familia moduko bat osatu dute.