Segura-Zerain mendi lasterketarako giroa berotzen
Maiatzaren 5ean jokatuko dute Segura-Zerain mendi lasterketa. Oraindik hilabete falta bada ere, dagoeneko hasiak dira prestaketa lanetan. Izena emateko epea zabalik dago kirolprobak webgunean, trail (25 km) nahiz sprint (15,3 km) probetarako. Proba luzean 250 dortsal daude, eta motzean 150; bezperan itxiko dute izen-ematea.
Antolatzaileak lasterketa prestatzen eta girotzen hasiak dira dagoeneko. Egunotan, aurtengo proba iragartzen duen bideo laburra zabaldu dute; Segurako eta Zeraingo hainbat korrikalarik parte hartu dute grabaketan. Bestalde, apirilaren 15ean, ibilbidea ezagutzeko elkartuko dira; 08:00etan jarri dute hitzordua, plazan.