Euskaraldian desegingo da Legazpiko euskara elkartea hamaika urteko jardunaren ondoren. Abenduaren 3an azken sarrera egingo dute webgunean. Pozik doaz.
Zingi Zango euskara elkartea izango zenaren aurrerapen gisa, Burdinolak izen berarekin liburua argitaratu zuen. Zingi zangoa burdinoletan egoten den ardatz jakin bat da. Jose Luis Ugartek zabaldu egin du euskarazko esamoldearen geografia, «gerora konturatu ginen ez dela bakarrik Legazpin erabili, izen bera erabiltzen zuten Demanda mendizerraren beste aldean dagoen Soriako (Gaztela) herri batean ziburuak izendatzeko». Horiek zingi zango hitzaren adierak. Azken hamaika urteotan, adiera horrez gain bestelako izaera izan du, Zingi Zango Legazpiko euskara elkartearen izena izan baita. Herri aldizkariak lehenengo (
Hots,
Ene Bada!), euskara elkartea eta webgunea ondoren; hori da Zingi Zangoren genealogia. Orain, desegiteko unea iritsi dela sentitu dute eta Euskaraldiaren olatuan urtuko dira. Diotenez, jolasean egin dituzte azken hamaika urteak eta egunotan webgunearen bitartez legazpiarrei eskaini dieten jolasarekin joango dira, jolasten beti ere.
Ugartek dio «euskara elkarte klasiko bat garai berrietara ekarri dutela». Esaldiaren bigarren zatia ukatzerik ez dago. Alabaina, klasikotzat hartzen denaren gorabeheran, ezin esan Zingi Zango klasikoa izan denik. Hasteko, barre artean esan du Asier Iriondok, «Whatsaap talderik ez duen Euskal Herriko euskara elkarte bakarra izango gara». Ez dute sekula langile liberaturik izan, ezta egoitza finkorik, ezta bazkidetza sistemarik ere. Ugartek honela azaldu du: «Horrek guztiak elkarte bat kateatzen du eta guk izan dugun diru guztia ekitaldiak antolatzeko erabili dugu. Helburuak beti izan ditugu gertukoak eta pozik aritu gara».
Finean, «Zingi Zangok euskara hutsean funtzionatzeko guneak eta uneak sortu nahi izan di-tu», erantsi du Iriondok. «Euskalgintzak gauza asko barne biltzen ditu: herri aldizkariak, euskara elkarteak, webguneak eta sare sozialak, kasu. Zingi Zangoren azken irudia webgunea izan da. Baina, hori guztia tresna bat da, ez da helburua. Gazteak sare sozialetan euskara hutsean aritu daitezela hori bai da helburua». Gaur-gaurkoz Legazpiko Gaztetxeak, esaterako, sare sozialetan erabiltzen duen hizkuntza nagusia euskara da.
Belaunaldi berriak
Solasaldia hasteaz batera, Zingi Zangon aritu diren kideek banan-banan euren izenak esan dituztenean, izenek ere zein belaunalditik datozen adierazten dutela gehitu dute barre artean: Jose Luis, Asier, Marije, Mariaje eta Anuntxi. Asier ez beste guztiak aurreko belaunaldikotzat hartu dituzte. Nolanahi ere, Jose Luis Ugarteren hitzetan, «webgune txukun eta erakargarri bat egin dugunaren sentipenarekin erretiratuko gara».
Sare sozialek hartu duten indarrak, ordea, Iriondoren hitzetan «bertigo pixka bat» eta Marije Galartzaren hitzetan «ezin dominatu ditugunaren sentipena» utzi die, eta horrek ere Zingi Zangoren desegitea eragin du neurri batean.
Euskaraldiaren inguruan Legazpin boluntarioek lantalde handia sortu dute, eta Ahobizi zein Belarriprest izateko izena eman duten 1.200 lagunek indarrez bete ditu Zingi Zangoko kideak. Baikorrak dira, pozik doaz, zoriontsu. Iriondok «egarri bat» badagoela sumatu du eta guztiek aho batez diotenez, «belaunaldi bakoitzak bere egiteko erak ditu». Galartzaren hitzetan, «guk utzita akaso errazago sortuko dute beste zer edo zer». Euskaraldiaren bueltan egin dituzten ekintzetako aurkezleeta batzuk 16 eta 18 urteko legazpiarrak izan dira.
Egindakoen zerrenda luzea da. Anuntxi Anduezak haien gordailua dauka buruan: kafe solasaldiak, merkatariekin kanpainak, erromeriak, ekintzak Gaztetxean eta abar. Ezin jaso gabe geratu Zingi Zangok 2013an argitaratutako liburua:
Philippe Etxegorriren Biarnoko euskaldunak: historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean. Ez zuten Legazpiko euskara ikertu, Zuberoko ertzetako Euskal Herri kan- poko euskara baizik, «lan horrekin goia jo genuen» esan du Ugartek. Arrastoa utzi dutelakoan doaz eta utzitakoaren zati bat, webgunean bildutako guztia, ondarea dena, Legazpiko Udalari eta GOIERRIKO HITZAri emanda joango dira.
Hotz Legazpik egindako arropa bilketara batu dituzte Zingi Zangoren azken elastikoak; errefuxiatuek jantziko dituzte aurrerantzean. Elkartearen zapiak abenduaren 3an, Euskararen egunean Euskaraldia eta elkartea agurtzeko ekitaldian banatuko dituzte. Iriondok dioenez, «zapiekin batera lekukoa emango diogu herriari».
Azken jolasaren nondik norakoa eta sari banaketa
Kartela egin dute 30 legazpiarren umetako argazkiekin. Eskuin aldean 30 izen daude. Jolasa argazkiak eta izenak lotzea da, gutxienez hogei asmatu behar dira.
Jolasaren emaitza izango da Zingi Zango webgunean argitaratuko duten azken albistea. Urtarrilaren 2ra arte webgunean geldi egongo da eta ondoren «mapatik desagertuko da», dio Iriondok.
Errigorako bi saski eramango dituzte irabazleek abenduaren 3an, Euskararen Egunean eta Euskaraldiaren agurrean egingo duten ekitaldian. Zingi Zangoren agurra ere izango da, hamaika urteko bi haurrek hartuko dute hitza elkartea agurtzeko. Agur bai, baina adiorik ez.