97. Loinatz proba, hamalaugarrenez Ion Lazkanoren omenez
Igandean jokatuko da, ia 200 txirrindularirekin, elite eta 23 urtez azpikoen mailetan.

Igandean 97. Loinatz txirrindularitza proba jokatuko da, Loinatz Txirrindulari Elkarteak antolatuta. XIV. Ion Lazkano Memoriala izango da. Elite eta 23 urtez azpikoen mailetan jokatuko da lasterketa.
Loinatz Txirrindulari Elkarteak 200 txirrindulari gazte gonbidatu ditu probara, eta Iñigo Aranguren elkarteko kideak azaldu duenez, irteeran «195 eta 200 txirrindulari artean» egotea aurreikusi dute, «azken momentuko bajak» izan daitezkeelako.
09:00etan irtengo dira Beasaingo Gernika Pasealekutik. Salbatore aldera joko dute, eta handik Ormaiztegira iritsiko dira. Gabiriara joango dira gero, eta Atagoitin izango dute lehen mendate gaina. Telleriartetik Brinkolara, eta Motxorrotik Atagoitira (m.g.) berriro. Gabiriatik berriz Ormaiztegira abiatuko dira, eta Salbatoretik Beasain aldera eginda, Iurretik Olaberrira (m.g.) igoko dira. Lazkao, Senpere eta Beasainera bueltatuta, itzuli bera egingo dute bi aldiz, baina bigarrengoan Atagoitira igo gabe. Azken itzulian, Beasaindik igaro ondoren, Salbatoretik Arriaranerako bidea hartuko dute, eta Mandubia (m.g.) igo. Berriz jaitsiko dira, eta Iurre, Olaberria (m.g.) eta Lazkao igarota, Senperetik sartuko dira Beasainen, Gernikako Pasealekuan egongo den helmugara. Tarteko helmugak Beasaingo hirurak izango dira. 155,2 kilometroko proba da.
Iaz, 96. Loinatz proban, Finisher taldeko Haimar Etxeberria irundarra izan zen irabazlea, bigarren egin zuen Gomur taldeko Sergio Gutierrezek, eta hirugarren Aluminios Cortizoko Marc Cabedok. Taldekako saria Finisher-ek eraman zuen, mendikoa Esetec Salazoneseko Victor Castellanok, eta tarteko helmugen saria Gomur-eko Gabriel Otxandok.