Basoa sortu du Abadek kultur etxeko aretoan
Margo instalazioa apirilaren 26ra arte ikusgai egongo da Legazpiko Kultur Etxean. Abadek (Legazpi, 1973), berrerabilitako materialak eta pintura erabili ditu: kartoia, espartzua, oihalak, zintak, sokak eta abar.
Oscar Abad pintura instalazioari azken ukituak ematen ari da Legazpiko kultur etxeko aretoan. Espazioa txikiagoa zelakoan zegoen, baina moldatu da eta gune horretan basoa sortu du. Bere umetako oroitzapenek gorde dituzten basoen irudiak batu ditu baso bakarrean. Hormetatik zintzilik daude ia lan guztiak eta Abad urduri dago biharamunean izango duen inauguraziorako, «behin hori pasata lasaitua hartuko dut».
Margolan gehienak kartoi gainean egindakoak dira. Batzuk tamaina handiagoan, beste batzuk txikiagoan. Euskarriaren tamainaz gain, dimentsioarekin ere jostatu da. Izan ere, hainbat margolanetan itsasoa sumatzen bada ere, basoa da, mikroskopioan jasota dirudien irudietan edota hareak ezkutatutakoetan.
Kartoia da euskarri nagusia. Badago triptiko bat, Juan Kruz ile-apaindegian jarri zuen erakusketan ipini zuen obra baten ahaidea dena, non kartoia Abaden eskuetatik ihes egin eta ertzak nahi bezala tolestu diren. «Gero eta errazago jartzen diot nire buruari, ez diet halakoei garrantzirik ematen, nire lehenengo helburua proiektua hasi eta amaitzea da», dio Abadek. Helburu hori bete du. «Hasi aurretik irudikatzen duzun hori aintzat hartuta, erakusketa honetan nire helburu orokorrak bete ditut».
Paretetan zintzilikatu ditu margolanak eta aztore bat ere bai, «basoetako hegaztia da, harrapakaria». Hura ere kartoiz eginda dago. «Gero eta gehiago interesatzen zait materialak bere horretan uztea. Pintura bera izan daiteke materiala, baita espartzua ere. Oihal hau [margolan batean erabili duena erakusten du], adibidez, pinturan busti nuen, baina ez nuen gogortzerik nahi zeren bestela bere oihal izaera galduko baitzuen».
Basoaren bihotza, haatik, sartzeaz batera ikusiko du erakusketara doanak. Pagoa egin du kartoiz eta espartzuz; enborra zilar kolorekoa du ezinbestean. Pagoa ez dago paretatik urrun eta paretan harizti baten horma irudia dago. Hariztian sakonera lortu du dimentsioekin eta kartoia zulatuta obra geruzatan antolatuz. Abadek ikusleak pagoaren eta hariztiaren artean pasa daitezela nahi du, «basoan zenbaitetan arnasten den estutasuna suma dezaten».
Eskertuta dago lan egiteko estudioa utzi dion lagunarekin, han sortu du argiz inguratuta apirilaren 26ra arte kultur etxean ikusgai dagoen erakusketarako bilduma.