Oihane Perez eta Samuel Davila nagusitu dira Marimurumendi proban
Venezuelarrak Aritz Egearen marka hautsi du. Oihana Arratibel ordiziarra bigarren postuan sailkatu da. Gizonezkoen artean, lehen goierritarra David Martin lazkaotarra izan da

Oihane Perez gernikarrak eta Katalunian bizi den Samuel Davila venezuelarrak irabazi dute Marimurumendi mendi maratoia, Ehunmilak probako anai-arreba txikia. Lehen goierritarrak David Martin lazkaotarra eta Oihana Arratibel ordiziarra izan dira. 265 korrikalarik parte hartu dute.
Gizonezkoen artean, Davilak 2016an Aritz Egeak jarritako markari 2 minutu eta 20 segundu kendu zizkion. 3 ordu, 29 minutu eta 29 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bigarren postuan Bartosz Gorczyca poloniarra sailkatu zen eta hirugarrenean Iñigo Arantzamendi ondarrutarra. Martin zazpigarren postuan sailkatu zen. Lau ordutik jaistea lortu zuen.
Emakumezkoei dagokienez, bigarren postuan Arratibel ordiziarra sailkatu zen eta hirugarrenean Maialen Gurrutxaga.
Davila gustura ageri zen. Venezuelar hau Katalunian bizi da 2017tik. Sei bat urte daramatza mendi lasterketen munduan. «Antolatzaile batek, Josemik, gonbidatuta etorri naiz. Marimurumendi proba asko gustatu zait. Oso lasterketa azkarra da. Gainera, korrika egiteko primerako eguraldia egin du. Aritz Egea punta-puntako korrikalaria da eta ez nuen uste bere errekorra hautsiko nuenik».
Arantzamendik, berriz, iaz parte hartu zuen lehenengoz Marimurumendin. Iaz ere bigarren postuan sailkatu zen, baina aurten denbora hobea egin du. «Iazko denbora hobetzeko asmoarekin etorri naiz eta lortu egin dut. Hori dela eta, oso pozik nago. Gainera, lesioak direla eta, oso urte gogorra izan da».
Lehen goierritarrak
Martin lazkaotarrak ere iaz parte hartu zuen lehenengoz Marimurumendi proban. Aurten askoz ere hobeto prestatu du. «Iazkoa oso esperientzia polita izan zen, giroa sekulakoa baita. Oso gustura aritu nintzen. Hori dela eta, aurten hobeto prestatzea erabaki dut. Postu hobea lortzea espero nuen, baina beharbada nire burua gehiegi estutu dut. Iazko denbora hamar minutuan hobetu dut, baina denbora hobea egitea espero nuen».
Martin errepidean aritzen da batez ere eta bere hurrengo helburua Valentziako maratoia da. «Abenduan joango naiz, lagunekin. Nire lehen maratoia denez, oraindik ez diot helburu zehatzik jarri nire buruari».
Arratibelek ere bigarrengoz parte hartu zuen Marimurumendin. Duela bi urte ere bigarren postuan sailkatu zen, baina denbora hobea egin zuen. «Hala ere, gustura nago. Izan ere, ez nuen podiumera igotzea espero». Perezek lehenengoz parte hartu zuen Marimurumendin. Igandera arte, Goierriko Bi Handiak bakarrik ezagutzen zuen. «Aurten, entrenatzeko denbora gutxiago eduki dudanez, maratoian parte hartu dut. Ahizpak eta bere senarrak ere parte hartu dute. Ez nuen irabaztea espero eta oso pozik nago».