Erronkak, herritarren eskura
Lau lan saio egin ditu Mutiloako Udalak herritarrekin, 2030rako erronkez eztabaidatzeko. Herrigintza sustatu eta eskaintza kulturala handitu nahi da, besteak beste
Azaroaren 9an Mutiloako Udalak prozesu parte hartzailea jarri zuen abian, herrian 2020 eta 2030 urteen artean egin daitezkeen ekintza eta proiektuez eztabaidatzeko. Herritarrak izan ziren prozesuaren ardatz nagusia, haiek proposatutako, pentsatutako eta eztabaidatutako ekimenak oinarrian jarri baitzituzten. Azarotik urtarrilera bitartean iraun du prozesuak, hau da, hiru hilabetez aritu dira Mutiloak behar dituen ekintzak pentsatzen.
Iñaki Ugalde alkateak azaldutakoaren arabera, hiru fokutan banatu zuten hasieran prozesua: «Mutilorako zer ez den nahi, zer mantendu behar den eta zer berritasun eraiki nahi den». Gaineratu du prozesua «aberasgarria» izan dela, eta parte hartzea ere sustatu nahi izan dela prozesuaren bitartez: «50 pertsona inguruk hartu dute parte prozesuan», jakinarazi du alkateak.
Azaroaren 9tik urtarrilaren 31ra bitartean, lau saio antolatu zituzten. Azaroaren 9an bertan proposamenak botatzeko aukera izan zuten herritarrek, Mutiloa 2030ean nola imajinatuko luketen azaltzeko momentua izan baitzen. Abenduaren 14an, berriz, erronka horiek hartu eta proposamen zehatzak bota zituzten mutiloarrek. Abenduaren 23an, gazteei bideratutako lan saioa egin zen, zehazki gazteen kezkak zeintzuk diren ezagutzeko. Urtarrilaren 18an egin zuten azkeneko saioa; proiektuak eta ekintzak lehenetsi zituzten bertan, ekarpen guztiak kontuan izanda egin daitezkeen ekimenak zehazteko. Lan saio irekiak izan ziren guztiak, hau da, herriko edonork har zezakeen parte. Komunikazioa ere landu dutela eman du jakitera alkateak: «Jendea erakarri eta prozesuan parte har zezan, eskuorriak prestatu genituen».
Erronka nagusiak
Prozesuan zehar atera diren erronkak bederatzi multzotan banatu dituzte, eta horien barruan ekintza ezberdinak zehaztuko dira. Herrigintza, elkarbizitza eta partaidetza sustatzea izan da lehenengo erronka; bigarrena, Mutiloa eta kultura, eskaintza kulturala zabaltze aldera; hirugarrena, Mutiloa jasangarria egiteko plana; gazteak zein helduak herrian gelditzeko erronka laugarren; bosgarren puntua Mutiloako azpiegiturak biziberritzeko proiektua; seigarrenik, Mutiloako zerbitzuak mantentzea; zazpigarrena, Mutiloa euskalduna sustatzea; zortzigarren puntuan mugikortasuna eta konektibitatea, Mutiloa konektatua izateko; eta bederatzigarrena, txikitasunetik herria handitzea.
Tokiko 2030 Agenda
Proposatu ziren erronka eta ekintza horiek Tokiko 2030 Agendari erreparatuta egin zituzten. Garapen Jasangarriaren Helburuak kontuan izanda jorratu zituzten saioak betiere. 17 helburu dira; besteak beste, osasuna eta ongizatea bermatzea, hezkuntza kalitatea sustatzea, genero berdintasuna lantzea edo ekoizpen eta kontsumo arduratsuak bultzatzea.