Gazta baino askoz ere gehiago
Urteak dira Gaztaren Ibilbidea sortuta dagoela Goierrin. Udan, haurren eta helduen taldeekin behin baino gehiagotan egin dute ibilbide hori Josu Iztueta eta Iker Iriarte gidariek. Eskaerei erantzunez, urrian beste bi aldiz egingo dute
Urteak dira Gaztaren Ibilbidea sortuta dagoela Goierrin. Baina, aurten, egoerak horrela behartuta, lantoki bilakatu dute Nairobitarra elkarteko Josu Iztueta tolosarrak eta Iker Iriarte alegiarrak. Udan haurren eta helduen taldeekin egin dute behin baino gehiagotan ibilaldia, eta, eskaerei erantzunez, urrian beste bi egingo dituzte; bata, euskaraz, eta bestea, gaztelaniaz.
“Ez dugu ezer originalik edo ezer berezirik asmatu: dagoeneko markatuta dagoen ibilbide bat da”, argitu du Iriartek. Gipuzkoako bi parke natural elkartuko zituen ibilbide bat asmatzea izan zuten helburu, eta Araitz-Aizkorri eta Enirio-Aralarko parke naturalak lotu zituzten. “Logika zuen ibilbide bat izan behar zuen, eta hori guztia lotuko zuena gazta izan zitekeela pentsatu zuten”, kontatu du. “Hortik izena, eta baita ibilbidearen arrazoia ere”.
Ibilbide zirkularra da, eta hasi eta bukatu toki berean egiten da, baina sei etapako ibilbidea da, eta nahi den tokian has daiteke. Iztuetak eta Iriartek Ordizia aukeratu dute irteera eta helmuga punturako. Sei etapa eta bost gau.
“Nahiz eta Gaztaren Ibilbidea izena eduki, eta gazta eta artzaintza oso presente izan, askoz ere gauza gehiagorekin jantzi nahi izan dugu gure bide hau”, azpimarratu du Iriartek. Ordizia eta Idiazabal gazta tradizioa duten bi herri dira. Toki esanguratsuak dira gaztarentzat, baina, hark dioenez, Goierriko industriaren berri ere ematen diete lehenengo bi egunetan parte hartzaileei: “Europako eskualderik industrialenetako bat da, eta ekonomikoki ere eskualde indartsuenetako bat. Zeri esker den eta horren guztiaren historia ere azaltzen diegu”.
Zerain eta Mutiloako meatzeak ere erakusten dizkiete, inguruetatik pasatuta. Mirandaola ere bisitatzen dute. “Nahiz eta Ordiziatik eta Idiazabaldik pasatu, gure herri honen, Euskal Herriaren beste historia bat ere azaltzen saiatzen gara. Askoz ere industrialagoa, eta ziurrenik hona aberastasun gehiena ekarri duena zehazteko”.
Hirugarren egunean, Arantzazura joaten dira, han dagoen Gomiztegiko artzain eskolara. Bertara bisita egin, eta gaztaren eta artzainen mundua hobeto ezagutzeko baliatzen dute eguna. Nola ez, gazta dastaketa ere egiten dute. Baina, Arantzazun egonda, Arantzazu bera ere bisitatzen dute, eta euskaldunen historian arakatzen dute. “Euskara batuaren historian eta sinbolo moduan Arantzazuk euskaldunontzat zer garrantzi izan duen nabarmendu nahi izaten dugu”, azaldu du Iriartek. Laugarren egunetik aurrera, Urbiara iristean, artzaintzaren eta gaztaren munduan are gehiago murgiltzen dira.
Interpretazio Zentrora
Ordiziatik abiatu, eta Idiazabalen, lehenik eta behin, Gaztaren Interpretazio Zentroa bisitatzen dute. Iriarte: “Bertan, oinarrizkoena erakusten digute: non eta noiz duen jatorria euskal artzaintzak, nolako garrantzia eduki duen, noiz hasi ziren gazta egiten… Hori guztia azaltzen digute bertako lagunek”. Teoria barneratuta ateratzen dira Idiazabaldik, eta Arantzazuko eskolan gauza praktikoago bat ikasten dute: “Noiz sortu zen eskola, zenbat ikasle dauden, gaztak nola egiten dituzten ikusten dute, bertako instalazioak nola aldatu diren…”.
Sei egunean itzulia eginda, Ordiziako turismo bulegoko D’elikatuz gunean amaitzen dute. Hasieratik bukaerara, artzaintza eta gazta presente izaten saiatzen dira bi gidariak: “Oso ondo antolatuta daukate, eta, nahiz eta ibilbide osoa ez egin, merezi du gune horiek bisitatzea”.
Aralar eta Aizkorriko paisaia da artzaintzaren erakusleihoa. Bertako zelaietan ganaduak duen eragina bistakoa da. Oraindik ere, ganadua mendiko zelaietan dabil negua iritsi bitarteko egunak aprobetxatzen. Horiek horrela, artzainekin hitz egiteko aukera izaten dute, eta baita ardiak eta ganadua bertatik bertara ikustekoa ere.
Etxera begira jarri beharra
COVID-19aren arrastorik ez balitz izan, Iztueta eta Iriarte ez ziren etxe inguruan ibiliko, segur aski. “Zein politak diren gure bazterrak, eta zein polita den Euskal Herria” diskurtsoarekin gogaitu samar agertu da Iriarte, baina “gu ere horren parte gara, eta iaz ere Gaztaren Ibilbidea hemen zegoen”, aitortu du: “Gu ere ibilbide hau egiten ari gara kanpora joateko aukerarik ez dugulako izan. Gure lana hemengo jendea kanpora eramatea izaten da”. Mundura atera eta bizimodu eta kultura ezberdinak ezagutzea dute gustuko. Hori aitortuta, etxera begira jarri eta hasieratik garbi ikusi zuten zerbait “interesgarria eta polita” egin zezaketela, eta, batik bat, beraiek motibatuko zituena: “Lehenik eta behin, Josu eta bioi interesgarria egingo zitzaiguna behar zuen izan, eta, noski, horrekin batera, jendea ere motibatuko zuena”.
Kritiko ere agertu da Iriarte, turismoari begirada botatzean: “Azkeneko urteetan oso turismo jakin bat bultzatu da agintarien aldetik. Euskalduna zarela esan eta ‘zeinen ondo jaten den’ esaten dizute, eta ez, esaterako, ‘zein hizkuntza edota kultura daukazuen’”. Hiru izarreko jatetxeez edota film eta telesailetan agertzen diren tokiez gain, beste hainbat gauza badirela erakusteko dio Iriartek: “Izan paisaiari dagokionez, izan gure historiari dagokionez, edo izan gure hizkuntzaren normalizazioan ari diren erakundeen bidez, egin daiteke beste turismo mota bat, eta badago zer erakutsia bai Tolosaldean, bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herrian ere”. Horren aldeko apustua egiten ari direla azaldu du: “Etorkizunean ere mundura joatea gustatuko litzaiguke, baina badaukagu orain hartu dugun bide honetan arakatzen jarraitzeko asmoa”.
Nairobitarra, gertu aurten
Nairobitarrak udazkenean ere kanpora begira bidaiatu izan du, baina aurten etxetik gertu geratuko da. Opor gosez edo mendi gosez denak aukera du oraindik mendiaz, artzaintzaz eta gaztaz gozatzeko: urriaren 2tik 7ra, edota urriaren 9tik 14ra. Kasu horietan, otorduak eta loa bidean diren aterpetxe edota ostatuetan egingo dituzte. Harremanetan jarri nahi duenak nairobitarrabideaamets@gmail.com helbidera idatzi dezake, edo 685-709 287 telefono zenbakira deitu.