Rezolak lehen aldiz bitartekari lanak egin ditu 'ez bultza egin!' proiektuan
Rezolak zazpi artisten lanak kuadeatu ditu lau ardatz dituen proiektua garatzeko. Tolosan 'Le(s) dormeur(s)' erakuketa du, artista gisa
Igor Rezolak urrats bat gehiago eman du bere ibilbide artistikoan eta komisario lanetara jauzi egin du. Ez bultza egin! proiektua gidatu du. «Eremuak programak antolatutako Harriak proiektuaren baitan egindako lan bat da. Harriakek arte garaikidea herrietara zabaltzea du helburu eta, horretarako, bost herrietan bost erakusketa antolatzen ditu. Horietako bat gidatzeko aukera eskaini zidaten, Arrasateko Kulturate zentroan, eta animatu egin nintzen», azaldu du Rezolak. Garrantzia kendu nahi izan dio: «Komisarioak dena baino hitz potoloagoa dirudi. Azken finean antolatzaile bat besterik ez da».
Zazpi artisten arteko bitartekari lanak egin ditu: Zuhar Iruretagoiena Labeaga, Javier Rodriguez Perez-Curiel, La Furia, Xolomo Gangsta feat. Mawatres, Telmo Trenor eta Marixe Ruiz de Austri Arexolaleiba. «Proiektuak lan hanka ditu: erakusketa, tailerra, irratsaioa eta textu kritikoa», laburbildu du. Arte garaikidea, rapa, irratia eta hausnarketa nahasi ditu, «gorputza eta ahotsa», dio. «Rapak asko du ahotsetik, baina gorputza ere bada, jarrera bat», azaldu du.
Rezola rap zalea da, eta arte urbanoa deritzona landu du bere ibilbide artistikoan, nagusiki. Halere, arte urbanoaren etiketarekin ez da eroso sentitzen: «termino oso zabala da, eta askotan jendea erakartzeko erabiltzen da». Grafitiak izan ziren bere lehen obrak. Duela 20 urte baino gehiago, orduan CAFeko langile zela, espraiekin esperimentatzen hasi zen. Munduan murgilduz joan ahala, gehiago nahi zuen, eta 2007an arte ederrak ikasten hasi zen. Are gehiago, 2018an doktore tesia aurkeztu zuen, eta egun, EHUko ikerlari eta irakasle moduan egiten du lan.
Bitartekari lanak egitea erronka handia izan dela aitortu du, baina emaitzarekin «oso gustora» amaitu duela aipatu du. «Prozesu polita izan da. Ikusiko dugu publikoak nola erantzuten duen, baina gai interesgarriak lan-talde eder batekin jorratzeko aukera eman dit». Urriaren 24ra arte egongo da erakusketa ikusgai.Lagun artean ibili da: Xolomo Gangsta, Telmo Trenor, La Furia… rap munduan dabiltzan musikariak dira. Azken honek Rap-a ahalduntze feministarako tresna gisa tailerra gidatu zuen inagurazio egunean. Jarraian, zuzeneko irratsaio bat egin zuten Xolomo Gangsta kolektibokoek. Podcast formatuan entzungai dago erakusketan. Bertan daude ere Iruretagoienaren eta Rodriguezen lanak eta Ruiz de Austrik gorputzari buruzko testu kritikoa.
Tolosan ere bai
Igor Rezolak berak egindako pintura lanak ikusgai daude Tolosako KGo galerian, Le(s) dormeur(s) izeneko erakusketan. Euskaraz Lotia(k) esan nahi du. Azaroaren 7ra arte egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:30etara.