Lazkao Txiki gogoan, ez ahazteko
Iztueta bertsolaria oroitzeko urteroko ekitaldia antolatu du Gerrikok aurten, iazko hutsaren ondotik. Igande eguerdian izango da, Lazkaon. Asteburu osoa borobildu ahal izan da, azkenean.
Erremediorik jarri ezean, osasunaz eta biziaz gain, gauza gehiago ere itzalduko ditu koronabirusaren pandemiak. Adibidez, 2020ra arte egin ohi ziren ekitaldiak, kultura jarduerak, juntadizo ohiturak, jendarteko egonak. Sendagaia badu horrek, ordea: ahal den neurrian, eta presentzia soila mantentzeko bada ere, egitea. Biziraupen soilerako.
Lazkaon horixe erabaki dute Lazkao Txiki Gogoan ekitaldiarekin. Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria oroitzeko urteroko ohitura iaz eten zen, konfinamendu betean ez baitzen ezer egiterik izan. Hutsunea luzatzen utzi gabe, aurten zertxobait bederen, antolatu dute Gerrikok, Lazkao Txiki Musika Eskolak eta Oin-Arin dantza taldeak. Igandean 12:30ean izango da Zelaian.
Musika eskolako trikitilari taldeak bost doinu joko ditu, eta dantzariek dantza egingo dute. Lau hitzekin osatuko dute ekitaldi «umila eta laburra». Musika eskolak talde txikiak prestatuta zeuzkan, baina aste honetan etxeratu behar izan dute zenbait partaidek, eta ez dira izango.
«Ez dugu muntaia handia egingo, megafonia aldetik eta. Eguraldi ona bada Zelaian, eta bestela frontoian izango da ektialdia. Aulkiak jarriko ditugu, jende kopurua eta distantziak errespetatzeko», azaldu du Gerrikoko Joxepa Madariagak.
Maizpidekoak Abalinera
Bestetik, Maizpide euskaltegian udako erako ikastaroa ematen ari dira apirilean, 15 egunekoa. Asteburu honetan ikasleak Lazkaon geratuko direla eta, Lazkao Txikiren jaiotetxe Abalin baserrira bisitak egingo dituzte. Bihar goizez eta arratsaldez, taldetxoetan banatuta, oinez igoko dira Lazkaomendira.
Bertsolariaren logela ikusiko dute. Familiak haren objektuak, sariak, txapelak, liburuak nahiz argazki atonduta dauzka han. Bestetik, Abalineko ganbaran baserriko tresnak txukundu, eta erakusketa legeko bat jarri dute. Bi espazio horiek ikusiko dituzte Maizpideko 75 bat ikaslek, ordu laurdeneko bisitaldietan.
Lazkao Txikiren inguruan bertso-afaria izan ohi zen beste osagai bat. Gaur tokatuko zatekeen, Lartxain. Ezinezkoa bada ere, beste osagai batek ordezkatuko du hutsunea: Inaxio Usarralde gai jartzaileari egingo diote omenaldiak (Arerian, gaur 19:00etan), Gerrikok eta Gai Jartzaile Taldeak antolatuta.
Bertsoaren eta bertsolaritzaren inguruan, astebukaera betea antolatu dute, azkenean. Ezinaren erremedioa, ekina baita.