Paper fabrikako aparkalekura sartzeko bidea konpondu dute
Apirilaren bukaeran egin zituzten konpontze eta asfaltatze lanak, 6.000 euroko aurrekontuarekin.
Legazpiko Industrialdean, paper fabrika zaharraren ondoan dagoen aparkaleku estalirako sarbidea konpondu du udalak apirilean zehar. Aparkalekura sartzeko bidea «oso egoera txarrean» zegoenez, asfaltatu egin dute. Lanak apirilaren 23an eta 24an zehar egin zituzten, lehenik bidea konponduz eta gero, asfaltatuz. Lanak Asfaltados Urretxu enpresak egin ditu, 6.006 euroko kostuarekin (+BEZ).
Industrialdeko aparkaleku hau 2016eko maiatzean ireki zuen udalak, paper fabrika zaharreko orubeetako batean, gune estalian. Aparkalekuak 3.060,09 metro koadroko azalera du, eta 100 ibilgailurentzako tokia.
Aparkalekuaren funtzionamendua udaletxe ondoan dagoenaren berdina da. Txandatze TAO sistemarekin funtzionatzen du 06:00etatik 22:00ak arte, nahiz eta 24 orduz irekita dagoen. Lehenengo 10 orduak dohainik dira herrian erroldatutako ibilgailuentzat, eta horiek igarotakoan, bi orduz atera behar da autoa berriz sartu ahal izateko, edo bestela lau orduz luzatu aparkatzeko denbora, orduko 0,10 euro ordainduta. Gehienez 14 ordu aparkatu daiteke.