Eserita ere dantzatu dute
Legoreggae jaialdiaren seigarrenak eman duenarekin «gustura» dago antolakuntza, orain arteko desberdinena izan bada ere. Zazpigarrena izango dela aurreratu dute
Legoreggae jaialdiaren edizio desberdinena izan da aurtengoa. Bi eguneko jaialdia ekarri du, eta COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak bermatzeko, lehenengoz, publikoa eserita egon zen. Musikalki berriz, re-ggae eszenan erreferente diren taldeak ekartzeko lan egiten du antolakuntzak beti, eta aurtengoan ere, antzeman da hori. Ostiralean, Emeterians Live Dub, Skabidean, eta Revolutionary Brothers taldeek jo zuten. Larunbatean berriz, Mo’Kalamity eta The Wizards, Trikoma banda, eta bezperan bezala, Revolutionary Brothers. Euskal Herriko, estatuko eta nazioarte mailako reggae eszenako talde onentsuenak entzuteko aukera izan zen Legorretako Harripilla kiroldegian egin duten jaialdian.
Horrelako jaialdi bat antolatzea eta guztia ondo ateratzea, ez da lan erraza, 2021eko jaialdia bezala, COVID-19 testuinguruan egiteak, lan gehigarria suposatu du, gainera. Dena den, teknologia berriekin izandako arazo txiki bat salbu, guztia «primeran» joan da. Aforoa 300 pertsonakoa izan da eta sarrera ia guztiak saldu ziren, larunbatekorako geratu ziren gutxi batzuk saldu gabe. Publikoa, mahaietan eserita, launaka. Pentsa zitekeen, jendeak ezin zutik dantza egiteak, giroan ere eragin izan zezakeela, ohi baino epelagoa izango zela. Ezta gutxiago ere. Eserita ere «gustura» egon zen jendea, «giro oso polita» egon zela nabarmendu du antolakuntzak.
Jaialdiak emandakoarekin, orokorrean «gustura» agertu da antolakuntza taldea. Eskerrak ere eman dituzte:«Ordiziarrock Ekintzak taldeari, Legorretako herritarrei eta laguntzen egon diren boluntarioei, eta udalari».
Legoreggae jaialdia, 2015 urtean egin zen lehenengoz, eta harrezkero, urtero egin dute, iazkoa salbu. Aurtengoa, beraz, Legorretako reggae jaialdiaren seigarren edizioa izan da. Zazpigarrenik egongo ote den galdetuta, baiezkoa erantzun dute antolakuntzako kideek. «Oso goiz da esateko noiz eta nola izango den hurrengo Legoreggae, baina bai, izango da».













