Aittu Euskara Elkarteak eta Beasaingo Udalak hitzarmena sinatu dute
«Euskararen herrigintza egituratzeko hitzarmena da» euskara taldearen esanetan .2030ean udalerri euskaldun bihurtzea dute erronka, «euskara entzun eta euskaraz egingo den herria» izatea.
Beasaingo «euskararen herrigintza egituratzeko hitzarmena» sinatu dute gaur arratsaldean Aittu Euskara Elkarteak eta udalak. Aittuko Patxi Saez lehendakariaren esanetan, «euskararen etxegintzari ekin diogu Beasainen eta sendo eta gotor eraiki nahi dugun etxe hori eraikitzeko, aldamioak jarriko ditugu hitzarmen honekin». Honela, «orain aldamio horietara igoko eta auzolanean aittuko diren
beasaindarrak behar ditugu». Aittuk eta udalak sinatutako lehen hitzarmena lehen urratsa dela nabarmendu du.
Bestalde, 2030 urterako Beasain udalerri euskaldun bihurtzea da Aitturen erronka; une honetan %67a dira euskaldunak eta udalerri izateko %70a behar da. «Ez dugu Beasain udalerri euskalduna bakarrik izatea nahi, euskara herrian aittu (entzun) nahi dugu eta herrian euskaraz aittu (aritu) nahi dugu».
Leire Artola alkatearen esanetan, udal gobernuaren helburu estrategikoa da euskararen erabilera normalizatzea eta «euskara zehar lerro gisa arlo guztietan hedatu behar da ezbairik gabe». Honela, «herrigintzaz ari garenean, gure nortasunaren ezinbesteko ikurra da eta horren sustapena gure ardura da».
Hitzarmenaren ildo garrantzitsuenak
- Beasaingo Euskalgintza egituratzeko hitzarmenak egitea gizarteko arlo desberdinetako eragileekin.
- Eragileekin Euskalgintzaren Mahaia antolatzea.
- Kale erabileraren datu-bilketa egitea.
- Goierriko euskara elkarteekin eta Topagunearekin elkarlanerako plangintza bat zehaztea eta egikaritzea.
- TicketBai. Beasaingo alkateak Goierriko alkateekin batera eta Goiekiren bidez, Goierriko enpresei eta jarduera ekonomiko bat duten eragile guztiei eskatuko die TiketBAI fakturazio sistema kontsumitzaile euskaldunentzat egokitzeko eta bideratzeko.
- Beasaingo gazteen harremanetarako ardatz euskara bihurtzeko Aittugazte dinamikari ekin.
- Aittu euskara elkartea egituratu eta batzordeetan lana egiteko bazkideak egin.
- Euskararen Eguna koordinatu herriko eragileekin batera.