Bertsoa eta dantza uztartuz, 'Errimak bi oinetan'
Uztakale kultur egitarauaren barruan, Haatik dantza taldeak 'Errimak bi oinetan' ikuskizuna egingo du bihar, Haztegiko patioan.
Errimak bi oinetan ikuskizuna da Uztakale kultur egitarauak legazpiarrei egin dien hurrengo proposamena. Bihar eskainiko du Haatik dantza konpainiak 19:00etan Haztegi ikastolako patioan. Sarrera doan da, baina aurretik eskuratu behar da Kultur Etxean, edo denak ez badira agortzen, baita ikuskizuna hasi aurretik ere. Eguraldi txarra eginez gero, Azokan izango da.
Dantza eta bertsolaritza uztartzen dituen ordu beteko ikuskizuna da Errimak bi oinetan. Haatik dantza konpainiak 2012an plazaratutako Errimak oinetan ikuskizun arrakastatsuaren jarraipena da. «Bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide» bihurtu du oraingoan konpainiak, eta «garai bateko eta gaurko bertso eta doinuez osatutako emanaldi entretenigarri eta dibertigarri bat» sortu du. Bertso ariketa eta jokoak dantzara eraman dituzte, eta horixe da, hain zuzen, emanaldi honen berezitasuna.
Aiert Beobidek eta Unai Elizasuk zuzenduta eta azken horrek aurkeztuta eta bertsoei gaia jarrita, Beobide bera arituko da dantzan Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Joan Arsuaga eta Nagore Zabala dantzariekin batera. Ikuskizunean zehar Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza dantzariek. Igelaren Bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscaryk, Maddalen Arzallusek eta beste hainbatek jarri diote ahotsa.