Autoa klasikoek Goierri zeharkatu dute
Larraiztik behera etorri, eta Zaldibiako Goizane gunean hartu dute atsedenaldia, Euskaber arrautza enpresakoek prestatutako hamaiketakoarekin indarrak hartuta. Opari bana ere jaso dute 88 auto klasikoetako kideek: Euskaberren arrautzak. Ondoren, Lazkaomenditik barrena, Ordiziara eta Beasainera ere joan dira.
Auto Klasikoen San Sebastian Circuit Spirit ibilaldiak Goierri zeharkatu du gaur eguerdian. Larraiztik behera etorri, eta Zaldibiako Goizane gunean hartu dute atsedenaldia, Euskaber arrautza enpresakoek prestatutako hamaiketakoarekin indarrak hartuta. Opari bana ere jaso dute 88 auto klasikoetako kideek: Euskaberren arrautzak. Ondoren, Lazkaomenditik barrena, Ordiziara eta Beasainera ere joan dira.
Goizean, Donostiako Gipuzkoa plazatik irten dira, eta handik Lasarte-Oriara joan dira, antzinako zirkuituak zituen errepideak zeharkatzeko asmoz. Gero, herrialdeko Gipuzkoako beste hainbat herritatik zehartuko dituzte.
Hainbat tokitatik etorritako parte hartzaileek osatu dute auto ilara: Euskal Herritik, Frantziatik eta Iberiar penintsulako hainbat tokitatik.
Klasikoaren historia
Ekitaldiak 1923an dauka abiapuntua. Garai hartan, Lasarte Donostiaren parte zen oraindik, eta, Felipe Azkona alkateak auto lasterketak egiteko proposamena egin zuen udalean. “Proposamen berritzailea izan zen, eta Europa mailan zirkuiturik garrantzitsuenetariko bat bilakatu zen”, azaldu du Garciak.
Lehen aldian, 1923ko uztailean, Europa osoko 82 pilotu eta 63 auto marka etorri ziren, eta sei kategoriatan lehiatu ziren: motoak sidekarrarekin eta sidekarrik gabe, turismoak, abiadurakoak, voiturette-ak eta autozikloak. Europan, boladan zeuden auto lasterketak, eta Lasarteko zirkuitua festa gune bihurtu zen 1923. eta 1935. urteen artean: “400.000 pertsonatik gora etortzen ziren Lasartera auto lasterketak ikustera. Sekulako giroa egoten zen”.
San Sebastian Circuit Spirit ibilgailu klasikoen rallyaren bitartez, Lasarteko zirkuituaren “espiritua” berritu nahi dute nola edo hala: “Lasterketa horiek berreskuratzea falta zen nolabait esateko, eta horien omenez sortu genuen ekitaldi hau”.