«Bizitzari erantzuten dioten ekonomiaren praktikak jarri nahi ditu erdigunean»
Biziola sareak Goierriko modelo ekonomiakoa aldatu nahi du. Hitzetatik, ekintzetara; hausnarketan baino proiektuetan zentratuko dira. Larunbatean egingo dute aurkezpen publikoa
Biziola sareak Goierriko modelo ekonomikoa aldatu nahi du. «Erakutsi digute ekonomia soilik egin daitekeela gutxi batzuen irabaziak erdigunean jarrita, planetaren mugak muturreraino eramanda. Baina guk ekonomiaren beste ikuskera eta beste praktika batzuk erdigunean jarri nahi ditugu. Bizitzari erantzuten dioten praktikak», azaldu du Andoni Mikelarena Biziolako kideak. Goierri «orekatuago, burujabeago eta iraunkorrago bat» laburbildu du.
Pragmatikoak dira. «Proiektu konkretuak martxan jartzeko espazio bat izatea da gure helburua, titularrerako hitz borobiletatik harago. Ez dugu hausnarketarako enegarren espazioa izan nahi», aitortu du. Proiektuak larunbatean jakinaraziko dituzte, Beasaingo Igartza Jauregian 11:00etatik 13:00etara egingo duten aurkezpenean. «Dimentsio potenteko proiektuak dauzkagu esku artean», aurreratu du Mikelarenak.
«Eskualdean bazegoen ekonomia beste modu batean egiteko gogoa eta beharra», oroitu du Biziolako kideak. Egitasmoak harrera ona izan duela aitortu du. «Sarean Ekonomia Sozial Eraldatzaileko kooperatibak eta gaian interesa duten herritarrak, bestelako eragileak, elkarteak, sindikatuak… gaude. Ekonomia beste era batera antolatzeko beharra ikusten duen jendea».
Sarera bazkidetzeko aukera oraindik ere badago. Larunbatean bertan egin ahalko da, esaterako; baita online ere. «Sareaz harago, sustatzen gabiltzan proiektuetan parte hartzeko aukera egongo da», gaineratu du Mikelarenak. «Herritarrek proiektuetan parte-hartzea nahi dugu».
Mikelarena baikorra da eta sinetsita dago eskualdeko modelo ekonomikoa aldatuko dute, berehalakoan ez baldin bada ere. Eskualdeko ehun ekonomikoa «oso indartsua» dela dio, eta horri esker «erreakzionatzeko gaitasuna» duela. «Goierrin baditugu tresnak gizarte bezala egin behar ditugun trantsizioak egin ahal izateko. Hor jarri nahi dugu begirada. Erabili dezagun dugun posizioa egin beharreko aldaketa guztiak egin ahal izateko», gaineratu du. «Ez gaitezen erosotasunean eseri. Ez dezagun pentsatu historia amaitu dela».
Erronkak
Goierrin, gainera, elkarlanean aritzeko ohitura badagoela nabarmendu du Mikelarenak, baina sakontzea falta dela dio. «Goierrin elkarrekin lan egiteko tradizio handia dago. Baina elkarlana gauza puntualetan egiten dugu, jarraikortasun handirik gabe». «Adibidez, lehendik ere bazeuden proiektu interesagarriak eta beharrezkoak: Goiener, Farapi, Talaios… Logika berdinetan zebiltzan lanean, baina bakoitza bere eremuan. Proiektu solte hauek elkarlanean lanean jarriko bagenitu, zer sortu genezake? Galdegin genion gure buruari»
Eskualdea, baina, grisa eta berdea da, kontraste handikoa. «Ez da Goierri bat existitzen, batzuk baizik. Hor, orekaren perspektibatik, lan handia dago egiteko», identifikatu du beste erronka bat Mikelarenak. Oreka, alde batetik, herrien artean: «23 herri gara, tamaina eta izaera oso ezberdinekin. Ez baditugu eskualde bezala estrategiak lantzen herrien arteko orekek zaindu eta zenbait herritan oinarrizko zerbitzuak egoteko, etorkizunean alde handiak sortu daitezke»; eta, bestetik, sektoreen artean: «Adierazgarria da landa ingurunean kokatuta egon arren lehen sektoreak duen pisu txikia; eta bigarren sektoreak behera egin arren lehen sektorean ez da gorakadarik ikusi. Hirugarren sektoreak egin du gora, zerbitzuek». Horrek zer pentsatua ematen dio. «Etorkizunean ekonomia erresilientziagoa eduki nahi badugu ezin dugu gure ardatz ekonomikoa industrian bakarrik oinarritu».