Trenzubiaren 3D maketa sortuko dute Goierri Goi Eskolako ikasleek
Zumalakarregi Museoak, Ormaiztegiko Udalak eta Goierri Goi Eskolak hitzarmena sinatu dute proiektua garatzeko. Ondarearen «sentsibilizazioa» egitea dute helburu
Zumalakarregi Museoak, Ormaiztegiko Udalak eta Goierri Goi Eskolak lankidetza hitzarmena sinatu dute Ormaiztegiko trenzubiari lotutako proiektu bat garatzeko. Goierri Goi Eskolako ikasleek trenzubiaren maketa bat sortuko dute, 3 dimentsiotan. Abenduan ekingo diote lanari, eta ekainerako amaituta izatea aurreikusi dute.
Atzo sinatu zuten hitzarmena Lurdez Azpiazu Zumalakarregi Museoko koordinatzaileak, Jon Enrique Galarza alkateak eta Jorge Manzisidor Goierri Goi Eskolako zuzendariak, Zumalakarregi Museoan. Proiektuaren helburua trenzubia balioan jartzea izango da, eta baita ondarearekiko «sentsibilizazioa» bultzatzea ere, Azpiazuk azaldu duenez. «Duela 32 urte museoa ireki zenetik, trenzubiak garrantzia handia izan du. Bisitak eta jarduerak antolatu izan ditugu. Ondarea denon eskura jartzeko, 3D maketa egitea pentsatu dugu oraingoan».
Manzisidorren esanetan, proiektu interesgarria da ikasleen «ikasketa prozesurako motibazio puntu gehigarri bat» delako. Azken urteetan Goierri Goi Eskolako proiektuek gizartearekiko helburu bat eta erabilera bat izan dezaten saiatu dira, eta trenzubiaren maketak hori lantzeko aukera emango die. «Fabrikazio mekanikoko diseinuko ikasleekin erreala den erabilera bat izango duten proiektuak egiteko aukera eskaintzen digu».
Maketa, zatika
Abenduan hasiko dira, eta zazpi hilabete inguru iraungo dute lanek, Azpiazuk azaldu bezala: «Ekainean emaitza ikusiko genuke, eta museoan ikusgai eta ikutzeko jarriko dugu». Museoaren eta Goi Eskolaren arteko elkarlana izango da, eta udala ere lagun izango dute. Enrique Galarza alkateak adierazi du ondarearen difusioa eta ikasleekin egingo den sentsibilizazioak trenzubiari «oihartzuna» ematea espero dutela. «Oso garrantzitsua da zubia ondare aldetik Ormaiztegirentzat, Goierri mailan eta baita harago ere».
Proiektua garatu ahala, forma bat edo beste emango diote maketari. 30 zentimetroko zatiak osatzen ditu Eskolako 3 dimentsioko inprimagailuak. Metro batetik gorako maketa egitea aurreikusi dute. 1864an inauguratu zen trenzubiak, Madril eta Paris lotzen zituena, perfil desberdinak ditu, errematxeen bidez lotuak. Garai horretan nola lotu zituzten ulertzeko aukera ere emango du maketak, zati bakoitza ere egingo baitute.
Irisgarria izan dadin, ikusmen desgaitasunari lotutako elkarte batekin egingo dute lan.