Sagarra bezain naro eta bizi feria
Sagar uzta ikusgarriak argitu du Gabirian birusaren berragerpenak ilun zezakeen Errezil Sagar Eguna. Animatua izan da azoka, eta sagar, sagar-goxo eta ezti onenak saritu dituzte berriz.
Hogeigarren aldiz eta 25. urteurrena betez ospatu zen herenegun Gabirian Errezil Sagar Eguna. Iaz pandemiak zapuztu zuena, aurten ere izurritearen hedapen berriak kolokan jartzeko zorian izan da. Baina, arazo gehigarririk gabe ospatu ahal izan dira lehiaketak eta azoka.
Plaza eta inguruko aterpeak hartuta, 25 bat herritarrek hornitu dute eguna. Errezil sagar lehiaketara 13 baserritatik eraman dituzte bina saskikada, azken unean bat gehituta. Ramon Aseginolaza eta Jabier Mujika epaileek lanak izan dituzte lau onenak apartatzen; «oso puntu tarte txikiekin», maila berekotzat izendatu dituzte lau sarituak: Joan Bautista Sukia (Sagasti), Anttoni Murgiondo (Bekoetxe), Xabier Arratibel (Otsategi) eta Miren Agirrezabala (Oñatibitxiki). Oroigarri bana eman die Erbie elkarteko antolatzaile Gabino Muruak.
Errezil sagarrez egindako menbrilluen lehiaketan, berriz, 14 gozoki dastatu dituzte Josema Azpeitiak eta Juan Antonio Goikoetxea Pello aztiriarrak. Iazko maiatzean hil zen Juanma Garmendia beasaindar sukaldaria, urte askoan Gabirian kolaboratua; haren lekua hartu du Goikoetxeak epailetzan. Landeta baserriko Nekane Agirrek jaso du sagar-goxo onenaren saria.
Azoka bizia azken unerako
Mantsotik hasi zen igandea Gabiriako plazan, eta beste urtetan lehen orduan egiten ziren sagar salmentarik ez zen ia nabaritu. Xirimiri txiki bat ere hasi zuen goiz erdian. Baina eguerdirako jendearen etorrera ugaritu zen, eta, beste aldi batzuetan bezainbeste izan ez arren, bisitari, erosle eta ikusle asko bildu da. Animatuta amaitu da azoka, beti ere osasun neurriak errespetatuta.
Baserritarren hamasei postu jarri dituzte. Ia denek eskaini dute errezil sagarra, eta baita geroz eta indar handiagoa hartzen ari den transformatutako elikagaien eskaintza ere: sagar-goxoak, sagar tartak, konpotak, zukuak… Agerre baserrikoek, adibidez, bezperan etxean labe-sua eginda erretako tartak zeuzkaten salgai, baita zukua ere. Bekoetxe baserrian ere hilero pizten dute labe-sua, urte guztian. Ogi egin berriak zeuzkaten. Mandiola baserrikoek, etxean egindako ukenduak aurkeztu dituzte.
Herriko artisauen sormen lanak hiru postutan egon dira: Pilar Azpiazu, Luma eta Araiz.
Goierri Beheko eztiak
Beste urtebetez, sagargintzarekin oso lotuta dagoen eztigintza ere presente egon da Gabirian. Goierri Beheko 23. Ezti Lehiaketa han egin da, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta. Eta, beste behin, Gabiriako eztiak izendatu dituzte onentzat. Bailarako 13 eztigilek eraman dute.
Igor Altunak irabazi du lehen saria, 2019an bezala. Eguzkitza baserrian du erlategia. Liztor beltzak egundoko kaltea eragin badio ere –eztia atera ondoren–, lanean jarraitzeko asmoa agertu du. «Lekua da ona, nik zaindu bakarrik egiten ditut», esan du Altunak, eztia egin duten erleez.
Bigarren saria ere Gabirian geratu da, Astiazaran baserriko Juan Elgarrestak aurkeztutako eztiarekin. Hirugarren saria Joxe Mari Izagirre idiazabaldarrak jaso du.