Aimar Ugarteburuk irabazi du Zegamako Elkartu Nahi txirrindulari proba
Junior mailako lasterketa goizean jokatu da, 73 kilometroko etapa menditsuan. Bellota-Goierri taldeko ziklista ihes eginda bakarrik iritsi da helmugara.
Aimar Ugarteburu Elgarresta (Bellota-Goierri) txirrindulari urretxuarrak irabazi du, gaur goizean, Zegaman jokatu den 39. Elkartu Nahi Saria. Txirrindulari junior gizonezkoentzat proba izan da, 73,5 kilometrokoa. Zegaman 10:00etan hasi eta eguerdia aurretxoan bukatu, Lierniko eta Troiko meategietako mendateak puntuagarri zirela, zirkuitua hiru aldiz osatu dute. Segura, Mutiloa, Lierni, Gabiriako Ugarana, Mutiloako Ergoiena, meategietako mendatea, Zerain, Segura ibilbidea egin dute pasaera bakoitzean.
Ugarteburu bakarrik iritsi da helmugara, eta 22 segundoko aldea die Manex Larrañagari (Besa-Geminis), Bastien Ospitali (Urt Velo 64) eta Jordi White-ri (Baque-Movistar). Zatikatuta iritsi da tropela, etaparen gogortasunaren eraskule.
Ugarteburu urretxuar garailearen ondoren, hurrengo goierritarra Eritz Atxega lazkaotarra (Ampo) izan da, 5. postuan, 25 segundora. Ampo taldeak hiru mutil sartu ditu lehenengo hamar postuetan. Atxegaz gain, Haitz Zunzunegi baliarraindarra 7. eta Jon Eskisabel gabiriarrak 10., eta Oxel Azkarate lazkaotarra 12. Taldekako saria Ampok irabazi du, horrenbestez, atzetik Baque eta Ipar Euskal Herriko Urt Velo 64 utzita.
Mendiko Saria Eritz Atxegak irabazi du (18 puntu), bigarren Jon Eskisabel izan da (15), eta hirugarren Aimar Ugarteburu (8).
Zegamako Elkartu Nahi junior saria sailkapena 2026-4-18
Argazkietan, Meategietako lehenengo igoeran (arg.: Aimar Maiz Morea)
















