Korrikalari goierritarrak indartsuen Gabiriako Leharrei mendi lasterketetan
Proba luzea Josu Urrestarazuk eta Mayi Mujikak irabazi dute, eta 15 kilometroko motzagoa Axier Artolak eta Maider Unanuek.
Zubizarreta, Mujika eta Aramendi, luzeko hiru emakume onenak.Aimar Maiz Gabiriako IX. Leharrei Mendi Lasterketa gaur goizean jokatu da, ohi bezala 24 kilometroko trail distantzia luzeko ibilbidearekin eta 15eko esprint motzagoarekin. Izenemate kopuruan markak hautsi diren arren, azkenean korrikalari gutxiago bertaratu da Gabirian, antza denez futboleko Kopako finalaren eraginez. Luzean 146 korrikalari eta motzean 98 irten dira. Korrikarako giroa egokia iruditu zaie gehienei: 12-13 gradu zegoen goizeko bederatzietan, mendi goietan lanbroa, baina lokatzarik gabeko baldintza onak izan dituzte oro har, hezetasun handia, gora-behera.
Goierriko korrikalarien eguna izan da podiumetan. Trail luzean, Josu Urrestarazuk irabazi du proba (1:59:26). Bi ordutik behera jaitsi da bigarren sailkatua ere, Unai Martinez azpeitiarra (1:59:49). Otañura arte lehian ibili den Imanol Intza gabiriarra sailkatu da hirugarren (2:01:43). Learregi azken aldapa azkarren igo duena, ordea, Martin Diez segurarra izan da (5:17 minutuan), nahiz sailkapen nagusian 5. izan den, eta berak jaso du sari berezi hori.
Nesketan, Mayi Mujika urretxuarraren (2:26:09) eta Irati Zubizarreta beasaindarraren (2:27:14) arteko buruz burukoa ikusgarria izan da. Duela 10 urte lehenbiziko mendi lasterketan debutatu zuen Mujikak irabazi du. Hirugarren postua Eneritz Aramendi azpeitiarrarentzat izan da (2:30:06), eta hark eraman du Leharrei sari berezia ere, azken aldapa azkarren igota (7:21 minutuan).
Esprint distantzia motzean, berriz, Axier Artola amezketarra nagusitu da (1:13:04). Mattin Intxaurrondo berastegiarra izan da bigarren (1:13:37), eta Julen Balerdi idiazabaldarra hirugarren (1:14:07). Emakumeen artean, Maider Unanue aramarrak irabazi du (1:25:38), bigarren postuan Ariadna Somoza zumarragarra (1:31:41) eta hirugarren Amaia Intsausti idiazabaldarra (1:35:53) zirela. Unanuek Gabiriako eskolan egiten du lan, irakasle, eta helmugan zain zituen ikasle asko. Eskutik helduta gurutzatu du marra.
Goierri Kopako laugarren proba puntuagarria izan da Leharrei.Trail distantzian, mutiletan Arkaitz Elortza dago lider (254 puntu), Egoitz Arrieta (228) eta Jon Rodriguez (198) hurrena direla. Nesketan, Maite Murgia lider (268), eta ondoren Adirane Peñagarikano (194) eta Amagoia Iribar (184) daude. Esprint distantzian, mutiletan Bingen Erauskin da lehena (312 puntu), Iban Sanjuan (224) eta Aitor Garmendia (202) gero. Nesketan, Nora Anton lider (368), eta ondoren Intza Urrestarazu (292) eta Nerea Goikoetxea (268).

Axier Artola, motzeko irabazlea, eskuinean.Aimar Maiz

Somoza, Unanue eta Intsausti, motzeko emakumeen podiuma.Aimar Maiz

Maider Unanue motzeko irabazlea, Gabiriako eskolako ikasleekin, helmugan.Aimar Maiz

Zubizarreta, Mujika eta Aramendi, luzeko hiru emakume onenak.Aimar Maiz

Intza, Urrestarazu eta Martinez, luzeko podiumekoak mutiletan.Aimar Maiz












