Xabier Berasategi Hainango Tourreko lider berria da
Berasategi helmugara hirugarren postuan iritsi da, Txinako Hainango Tourreko hirugarren etapan. Gainera, olaberritarrak Erregulartasunaren lidergoa sendotu du.
Xabier Berasategi Hainango Tourreko liderraren elastiko horiarekin.Euskadi Fundazioa Xabier Berasategi, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari olaberritarra, Txinako Hainango Tourreko lider berria da, hirugarren sailkatuta hirugarren etapan. Erregulartasunaren lidergoa ere mantentzea lortu du. Euskaltel-Euskadik adierazi du Berasategik bi segundo bereganatu dituela tarteko helmuga batean, eta hirugarren postua “erdietsi” duela helmugan, beste lau segundo pilatuz.
Etapa hasierako mendatean tropela murrizten saiatu direla “erritmoa azkartuz” azaldu du Berasategik: “Helmugaraino kilometro gorabeheratsu asko ziren, eta hamaika eraso egon dira. Azkenean batek ihes egitea lortu du, eta hirugarren portuan iritsi naiz”. Olaberritarra maillot horia lortzearekin “pozik” agertu da, eta gelditzen diren bi etepatetarako “gogoz” dago: “Dena dago jokoan, eta defendatzen saiatuko gara”.
Etapa hasi aurretik sailkapen nagusian liderra zen Thomas Silva uruguaitarrari, 2 segundo ateratzen dizkio Berasategik. Lorenzo Quartucci italiarra hirugarren postuan 7 segundora doa. Gotzon Martin eta Jokin Murguialday taldekideak 12 segundora daudela, eta haien “aukerak” dituztela ere esan du Euskaltel-Euskadik.













