Erregulartasunak ere badu saria
Idiazabal Jatorri Izendapenak urtero banatzen ditu gaztagileen artean Erregulartasunaren sariak. Aurten Segurako Ondarre gaztandegia eta Iurretako (Bizkaia) Laztana sarituko dituzte.
Gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak banatuko ditu, aurten ere, Idiazabal Jatorri Izendapenak. Izendapenaren baitako gaztandegiek urte guztian zehar egiten duten lana aitortzea da sari hauen helburu nagusia. Hala, Jatorri Izendapenaren Dastatze Batzordeak urte guztian zehar egindako dastatze saio ofizialen emaitzak hartzen dira kontutan sari hau ematerako orduan. Batzordeak ausaz aukeratzen ditu gaztak, eta kanpaina guztian zehar kalitateari dagokionez erregularrenak izan direnak aukeratzen ditu. Aurtengo bi sarituak Iurretako (Bizkaia) Laztana eta Segurako Ondarre gaztandegiak izango dira.
Laztana gaztandegiak orain dela urtebete hasi zuen bere ibilia Gorka Jaio eta Maite Torresen gidaritzapean. Jaio gaztagile familia batetik datorren arren, Torresek ez zuen esperientziarik gaztaren munduan. Saria «pozik eta ezustean» hartu dutela esan du Jaiok. Hasi eta urtebetera saria jasotzea are esanguratsuagoa da bizkaitarren kasuan, «egindako lanaren aitortza suposatzen du. Gazta hobe saltzeko ere ondo etortzen da sari bat», dio.
Lehendabiziko urteak gogorrenak diren arren, ilusioz begiratzen diote etorkizunari. Gaztandegiaren ondoan, dastaleku bat irekitzekotan dira, «guk etxean egiten ditugun produktuak —Idiazabal Gazta eta ogia—eskainiko ditugu». Idiazabal Gazta kontsumitzaileen artean «asko baloratzen» den produktu bat dela uste du Jaiok.
Bat gehiago Segurara
Pasa den urteko irailean Ordiziako Gazta Lehiaketa Nagusian lehendabiziko saria eskuratu ondotik, aurten erregulartasun saria ere bereganatuko du Segurako Ondarrek. Eneko Goiburu, Ondarreko arduradunak dioenez, «ez da besteak bezalako sariketa bat, baina sari garrantzitsua da». Sariak bi gazta ekoizle motaren artean banatzen dituzte. Bat, Laztanaren kasuan bezala, latxa esnea kanpoan erosten duen gaztagile bati; eta bestea, artalde propioaren esnearekin gazta egiten duen artzain gaztagileari, Ondarrerenean bezala.
Gauzak «asko estutzen» ari dira lehen sektorean Goibururen ustez, eta saria irabazteak «aurrera egiteko indarra» ematen diela gaineratu du. Beste sektore askotan bezala ekoizpen gastuak asko igo dira gaztagintzan ere. «Ez dakit ziur esaten, baina %40 bat igoko ziren», esan du Goiburuk. Beraientzat oinarrizkoak diren lehengaietan eman da igoera handiena, «argindarrean, gasolioan eta zekaleetan».
Beren kasuan, ekoizpen txikia diren aldetik, «nahikoa ondo» iraungo dutela ondorioztatu du, baina sektorearen etorkizuna, orokorrean, «nahikoa beltza» begitantzen du. Amaitzeko, bertakoa kontsumitzeko deia egin die erosleei, «bertakoa kontsumitzen dugula diogu, baina praktikan ez dakit zenbateraino». Bertakoa erostean «ingurugiroa, kultura, ohiturak eta tradizioak mantentzea ere» erosten dela oroitarazi du.