Enirio-Aralar Mankomunitatean dagoen zatiketa agerian utzi dute gaur
Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain, Gaintza, eta Lazkaoko ordezkariek eta ENBA sindikatuak agerraldia egin dute "abeltzainen beharrei erantzuna" eskatzeko. Azaldu dutenez, "gezurra da Aldundiaren gabezia estaltzeko, udalek diru ekarpen gehigarria jarri behar izan dugula"
Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten udalerri eta indar desberdinen arteko desadostasuna agerian geratu da ostera ere. Iragan maiatzaren 10ean mankomunitateko lehendakari Adur Ezenarrok, Zaldibiako, Legorretako eta Amezketako ordezkariekin batera agerraldia egin zuen, Enirio-Aralarko Mankomunitateko azken hiru urteetako balantzea egiteko.
Agerraldi hartan Ezenarrok esandakoekin ez datoz bat Mankomunitateko beste hainbat ordezkari. Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain, Gaintza, eta Lazkaoko ordezkariek eta ENBA sindikatuak agerraldia egin dute gaur goizean, Ordiziako Barrena kultur etxean.
Aitor Altuna Lazkaoko ordezkariak hartu du hitza. Maiatzaren 10eko prentsaurrekoan, «Enirio-Aralar Mankomunitatearen izenean hitz egin zuten baina egiari zor, beraiek Mankomunitatearen zati bat baino ez dira». Altunak adierazi duenez «Mankomunitatearen izenean hitz egiteko, Mankomunitatearen batzordean hitz egin eta adostu behar da» eta lehendakariak, «azken 10 hilabeteetan ez du bilerarik deitu».
Goilarre programari ere erreferentzia egin dio Altunak. Enirio-Aralar Mankomuntateak jarraitu beharreko eredua dela esan du: «Programa horren oinarrian, herri mendiaren jabe den erakunde eta herri mendiaren erabiltzaileak diren abeltzainen arteko adostasuna dago, eta hori da, Enirio-Aralarko mendian falta dena, mendiaren jabetza duen Enirio-Aralar Mankomunitatea eta abeltzainen arteko akordioa».
Gainera, salatu du, «diru kontuekin egin duten manipulazioa». Altunak azaldu duenez «gezurra da Aldundiaren gabezia estaltzeko, udalek diru ekarpen gehigarria jarri behar izan dugula». Lazkaoko ordezkariak beste arrazoi bat eman du: «Udalok, Goilarre programan parte hartuz, eta Aldundiko diru-laguntzekin batera efektu biderkatzaile bat lortzeko, diru gehigarri bat jartzea erabaki genuen, eta diru hori, abeltzainekin eta Aldundiarekin adostutako lanak egitera bideratuta zegoen».
Gaineratu du, Mankomunitateak azken hiru urteetan Aldundiaren diru-laguntza «aukera guztiak galdu” dituela. Agerraldia egin duten ordezkariek ez dute ulertzen «Amezketak, Ataunek eta Zaldibiak adibidez, Aldundiko diru-laguntza programetaz baliatzea beraien mendietan lanak egiteko, eta herri horietako ordezkariek, Mankomunitatean programari uko egitea».
Agerraldia egin dutenek uste dute, «Gipuzkoako beste mendi guztietan abeltzain, Udal eta Aldundiaren arteko elkarlan programa arrakastatsua» dela, eta ez dakite zergatik «Aralarren kasuan ere berdina den gertatzen».
«Itxurakeria» alde batera utzi eta «egunerokoan abeltzainen bizi baldintzen aldeko kudeaketa» eskatu dute. Adur Ezenarro lehendakariari zuzendu dira, «Mankomunitateko bilera dinamika berreskuratzeko, alde bakarreko erabakiak hartzeari utziz, eta abeltzainen beharrak aintzat hartuz, Aldundiaren elkarlan programetan parte hartu dezala Gipuzkoan beste mendi guztietan bezala».