Legorretako gazteentzat udako aisialdi eskaintza egin du udalak
Aurtengo udan eskaintza berri bat izango da Legorretan, Udako irteerak gazteentzat du izena planak eta 13-17 urte bitarteko gazteentzat da, DBHko eta 1. batxilergoko ikasleentzat, hain zuzen.
Ekainaren 27an hasi eta uztailaren 22ra bitartean izango da, eta astean bi irteera egingo dira. Matrikularen kostua 60 eurokoa izango da; deskontua izango dute DSBE eta GLL jasotzen duten familiek, familia ugariek eta guraso bakarreko familiek.
Izena emateko lehenik ordainketa egin behar da eta ondoren, Legorretako Udalaren webgunean izena eman. Horren inguruko xehetasun guztiak, www.legorreta.eus atarian daude. Ekainean zehar bilera bat egingo da izena eman dutenekin, irteerak antolatzeko.
Udaleku irekiak
Bestalde, udaleku irekiak ere antolatu dituzte Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren zikloko haurrentzat. Hemen ere 60 eurokoa da matrikula eta hobariak daude.
Izena emateko epea ekainaren 8an amaitzen da. Izen emateen inguruko informazio osoa, udalaren webgunean dago.













