Goruntz, bere historian gorantz
Gabiriako Goruntz dantza taldeak mende erdia iaz bete bazuen ere, bihar ospatuko dute gaur egungo eta lehengo dantzariek 50. urteurreneko festa. 350 lagun elkartuko dira, dantzara 150.

Goruntz dantza taldeak iaz bete zuen mende erdiko historia, 1971n sortu baitzuten. Koronabirusaren pandemiak eragotzi zuen orduan ezer antolatzerik, nahiz eta eguna iazko ekainerako ezarrita zegoen. Urtebete pasa geroago, bihar egingo dute Gabirian 50. urteurreneko festa.
Lehenago ospatutako urteurren jaien antzeko egitaraua izango du. Dantza izango da ardatza egunaren lehen partean. Goruntzen bost hamarkada hauetan ibilitako 150 bat lagun animatu dira berriro dantzara. Uda aurretik hasi zituzten taldeka entseguak, eta azken hilabetean larunbatero entsegu orokorretan findu dute ikuskizuna.
Eguraldiak baimentzen badu, plazan izango da saioa, 11:00etan hasita. Hamabi dantza egingo dituzte, belaunaldi askotako taldeak eta dantzariak batera arituta. Aurrez, dantzariak elkartu eta 50. urteko logoa irudikatzen duen mosaiko-argazkia aterako dute, 10:00etan.
Bazkaria 350 lagunekin
Dantza saioan zehar, omenaldien tartetxoak ere hartuko dituzte. Goruntzeko nesken jantziak josten hasieran lan handia egin zuen Maria Jesus Garcia omenduko dute, batetik. Falta diren dantzariak eta erakusleak ere gogoratuko dituzte.
Herri bazkaria Alkainburu frontoian izango da. 350 bat lagunek eman dute izena. Ordiziako Erramun Amundarainek eta bere taldeak prestatuko du otordua, han bertan. Arratsaldean, haurrentzat puzgarriak jarriko dituzte, eta jai giroak iluntzean ere jarraituko du. Eliza alboko parkean karpa muntatuko dute, eta txosna, barruan. Fan&Go erromeria taldeak joko du, 20:00etatik aurrera. Kamiseta bereziak atera dituzte. 600 ale ekarri dituzte, eta bihar erosteko aukera egongo da oraindik.
Mende erdia gogoratzeak, oroz gain, Goruntz dantza taldea indartzeko helburua ere badu. Gaur egun ez dago unerik oparoenean; haurrak eta erakusleak batuta, 25 bat lagun dabiltza. Etorkizunean urte gehiago bizirik ospatu ahal izateko, arnas hartze ariketa ere bada biharkoa.