Gaur hasiko dira Aramako San Martin festak, txupinazoarekin batera
Bihar, San Martin egunez, hamaiketakoa, toka lehiaketa edota herri-kirol jolasak izango dituzte. Larunbatean 80 bat lagun elkartuko dira Iriarte aretoan bazkaltzera
Aramako San Martin jaiak heltzear daude. Dagoeneko hasi dira herritarrak giroa berotzen. Gaurtik igandera arte jai giroan murgilduko dira. Trikitilariak, kontzertuak, lehiaketak, mozorro festa, puzgarriak…adin guztietarako ekintzaz jositako egitaraua prestatu dute. Gaur, 19:00etan, txupinazoa botako du aguazilak, festei hasiera emateko. Aurretik lau egun izango dituzte aramarrek zein gerturatu nahi duten goierritarrek San Martin festetaz gozatzeko.
Txupinazoa bota ondoren hasiko dira ofizialki San Martin jaiak. Tarte baten ostean, 20:00ak aldera, Iñaki eta Intsausti trikitilariek alaituko dute giroa plazan, eta jarraian, 20:30ean, gaztain jana egingo dute aramarrek.
Ostiralean jaietako egun handia ospatuko da: San Martin eguna. Elizkoiek meza izango dute goizean, eta 11:30ean hamaiketakoa egingo da Arrikutz elkartean. 12:00etan, herriko gazteek plazako karpa atonduko dute elkarrekin, eta toka lehiaketa jokatuko da gero, 13:00etan.
19:00etan aurten berritasun gisa antolatu dute jarduera egingo da: herri-kirol jolasak izango dira frontoian aramarrentzat, eta mokadutxoa jateko aukera izango dute bukatutakoan, frontoian bertan. Gauean, 23:00etan, Mugi Panderoa erromeria taldeak joko du plazan, herritarrak dantzan jartzeko.
Larunbateko egitarauari 12:00etan ekingo diote. Ordu horretan, Txan Magoaren ikuskizuna izango da plazan. 14:00etan, herri bazkaria egingo da Iriarte aretoan. Izena eman behar zen aurrez. 80 bat lagun elkartuko dira. Azken bi herri-bazkarietan bezala, Aguraingo catering enpresa batek emango die zerbitzua. Trikitilariak, zozketak eta jolasak egingo dira 16:00etan, eta 19:00etan mozorro festa. Urtero gai bat zehazten dute mozorroetarako, eta aurten aukeratutakoa olinpiar jokoak izan da. Buruari eragin eta horri lotutakoez mozorrotuko dira. Gauean, berriz, 23:00etatik aurrera, Iratzar erromeria taldea ariko da plazan.
Gaueko autobus zerbitzua egongo da larunbatean, Zegama eta Legorreta artean.
Bukatzeko, suak
Igandea izango da jaietako azken eguna. 12:00etan eta 17:00etan haurrentzako puzgarriak izango dira frontoian. 12:30ean, aldiz, txakolin dastaketa egingo da plazan, eta 19:00etan, patata tortila lehiaketa. 20:00etan, festetako azken mokadua jango dute aramarrek, eta 21:00etan bukatuko dira jaiak, suekin.
Gaztain koskatzea
Herenegun, jaia girotzen hasteko gaztain koskatze herrikoia egin zen haur txokoan.













