Ormaiztegiko txirrindularitza goratzeko eskultura bat jarri dute
Santi Ijurko eskultoreak egindako irudia ostiralean inauguratu zuten, Ormaiztegiko lehengo eta oraingo txirrindulari ugari bertan zirela. Kirol horren alde, antolakuntzan edo praktikan ari diren edo aritu diren guztiak omendu dituzte.
Ormaiztegiko txirrindularitzari eskainitako eskultura ostiralean inauguratu zuten, San Andres elizaren aurrean, jaiak hasi aurretxoan. Herriko txirrindulari ohi, gaur egungo ziklista, historikoak, antolatzaileak eta modu batera edo bestera kirol horretan ibili diren guztiak ohoratu dituzte. “Txirrindularitza gure ondarea da. Ukigarri egin eta omenaldi bat egin nahi diegu, mundu mailan kategoria gorenetik herrikoiraino eta zikloturistetaraino aritu diren eta ari diren guztiei. Jende askoren lanari esker da hau posible”, azaldu du Jon Enrique alkateak.
Eskultura Santi Ijurko eskultoreak egin du, eta Laukitoki enpresak gauzatu. Oinarrian, Ormaiztegiko tren-zubi zaharra iradokitzen duen egitura dauka, eta gainean metalez egindako hiru ziklista figura. “Txirrindulari kopurua irudikatu nahi du hiru zenbakiak, ez ziklista jakin bat. Figura oso minimalista da, eta bi aldeetatik begiratuta berdina ikusten da. Ormaiztegiko zoruan, guztia batzen den itzalak dira. Hutsunearekin, ziklistak daramatzate pertsonak nabarmendu nahi dira, Ormaiztegiko herria”, azaldu du Santi Ijurkok.
Ekitaldian izan ziren, herritarrez gain, garai batean txirrindularitzan ibilitako ormaiztegiarrak. Joxe Ramon Izagirre, Kepa Maiora, Koke lasa, edota Gijondik okasiorako propio etorritako Iñaki Iborra herritarra. Esker onez hartu zuen gonbita Iborrak. Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteko lehendakari Aitor Abasolo eta idazkari Angel Elortza ziren ekitaldiaren gidari, eta Gipuzkoako Txirrindulari Federaziotik Santi Osoro lehendakari ataundarra eta Abraham Olano etorri ziren.
Lehengoez gain, aktibo dauden ziklistak ere han ziren, tartean, eta emakumezkoen txirrindularitzaren ordezkari, Lur Zufiria eta Arene Perez. Baita Gorka Izagirre, Jon Izagirre eta Alex Aranburu profesionalak ere.
Ormaiztegin 63 txirrindulari federatu
Angel Elortzak egin zuen Ormaiztegiko txirrindularitzaren errepaso azkar bat, historia oparoa laburbilduz. Oraingoz, federatuta lehiatu diren 63 txirrindulari ormaiztegiarren zerrenda osatu dute. “Baina ziur gehiago badirela, eta azalduko dira”, argitu du Elortzak. Historia horren lekuko diren argazki bilduma eliz atariko horman proiektatu zuen, argazki zaharrekin hasi eta azken lau hamarkadetan Elortzak berak ateratakoekin bukatu, tartean herriko ziklo-kros probetakoak.
Zerrendako txirrindulari zaharrenak 1950eko hamarkadakoak dira: Hilario Goiburu, Celestino Txarrondo, Jose Ramon Lasa edo Ostatuko Iñaki Apaolaza (Ataunen Hego Euskal Herriko txapeldun izan zen). Geroago, Iñaki Maiora, Kepa Maiora, Koke Lasa, Iñaki Iborra, Jose Ramon Izagirre eta enparauen labealdia etorri zen. Eta azken 30 urteetan, txirrindulari eskoletatik atera dira federatu ugari.
Guztien artean, Espainiako txapeldun izandako bederatzi ormaiztegiar daude, modalitate batean edo bestean. Iñaki Maiora ziklo-krosean estatuko txapeldun bost aldiz izan zen, Joxe Ramon Izagirre hiru aldiz; Kepa Maiora eta Iñaki Iborra erlojupeko txapeldun, Gipuzkoarekin erregioen lehiaketan; Iborrak errepideko proban Ordizian 3. ere egin zuen, jubenil zela, 1975ean. Mikel eta Ander Alonso anaiak pistan atera dira txapeldun, Gorka Izagirre errepidean eta ziklo-krosean, Jon Izagirre errepidean, eta Alex Aranburu junior mailan ere izan dira. Arene Perez eta Lur Zufiria Gipuzkoako txapeldun ere badira.
Ziklo-krosa eta zikloturismoa
Baina eliteko edo federatu mailatik aparte, Ormaiztegin txirrindularitza lantzeko beste era batzuk ere badirela gogoratu du Elortzak. Zikloturista taldea 1984an sortu zuten, OKE Ormaiztegi Kirol Elkartearen barruan, Pedro Martinez de Lahidalga zenaren ekimenez. Mende bukaerako etenaldiaren ondotik, 2004an batu zen berriro, jada Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkartearen aterkipean.
Urtean irteera batzuk egin ohi dituzte. Horietako bat, Euskal Herritik kanpora. Pirinioetara, Europako Mendietara edo Andorrara joan izan dira zikloturistak. Norbere kasa ibiltzen dira gaur egun, gehien bat. Baina hutsik egin ezinezko hitzordu bat badute: Errioxara urtean behingo txangoa, upategi batean bazkalduz borobiltzen dutena. Horren 16 edizio egin dituzte.
San Migel festetan, irailean antolatzen duten mendi bizikleta zeharkaldia da beste ekintza herrikoi bat. 26 urtean antolatu dute hori.
Eta ezin ziklo-krosa ahaztu. Txapeldun handiak eman ditu modalitate horrek Ormaiztegin, hein batean lasterketa historikoetako bat herrian bertan egiten delako. Basotxulo elkartekoak hasi ziren antolatzen, 1962an, eta 1975 arte antolatu zituzten ziklo-kros probak. Probaren 50. urteurrenean, 2012an, bizirik zen fundatzaileetako azkena omendu zuten, Leturia. Hiru urteko hutsunearen ondotik, 1979an OKE sortu berriak hartu zuen langintza, Iñaki Maiora tartean zela. 1997 arte jarraitu zuen aro hark, baina krisialdia etorri zen orduan: ziklo-kroslariak falta, jarraipen apala, egutegi eskasa…
2004an berreskuratu zuten atzera Ormaiztegiko ziklo-krosa, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunen eskutik. Gaur arte. Aurtengo neguko proba urtarrilaren 8an jokatuko da, iaz estreinatu zuten goialdeko barruti berrian.
Ostiraleko omenaldi eta aitortza ekitaldia, taldeko argazkia eskulturaren inguruan atera ondoren, Murua tabernan bukatu zuten gonbidatuek, mokadutxo bat janez.
Argazkiak: Aimar Maiz