Erremedioko iturburua, berriz emanean Ataunen
Ataungo domoaren bihotzean dagoen Erremedioko bainuetxe-leku zaharrean ingurua txukundu dute. Imanol Etxeberria zahoriaren laguntzarekin, idortuta zegoen iturburu sulfurosoa berreskuratu dute.

Ataunen iturri bat berreskuratu dute, eta ez edozein. Erremedioko parajean, 1884tik 1926ra bainuetxeari nortasuna eta sendakuntzarako ur sulfuroso preziatua eman zion iturburua. Erremedio ingurua txukuntzeko proiektua bukatu du Ataungo Udalak, aldundiaren diru laguntzarekin. Joxe Bikuña herritarrak bultzatuta, agintaldi hasieran hasitako asmoa burutu dute.
Iturria galduta edo agortuta zegoen, gasa aurkitzeko zundaketak egin zituztenetik. Pistan 30 bat metro beherago ateratzen zen zer edo zer. Berreskuratze lanetan, Imanol Etxeberria zahori tolosarraren laguntza ezinbestekoa izan da, eta hark detektatu zuen beheko puntu hartan 50 metro sakonean zegoela ura.
Jatorrizko lekuan
Baina Erremedioko bainuetxearenak ziren horma-hondarren ondoan aurkitu du jatorrizko iturburua, eta horixe egokitu dute orain. Ez da edangarria, tratatu gabe dagoelako eta ganaduaren hondakinak legezko mugatik 20 bider gorago dituelako.
Azaroaren 5ean, goiz osoko lanaren ondoren aurkitu zuen ura, zazpi metroko sakonerako eta 5 metro zabaleko zuloa eginda. Emari handia du, gainera: minutuko 21 litro ematen du, 14,5 graduko tenperaturan. Zuloa biharamunerako urez beteta zegoen, lehorte gogorreko garaia izanagatik.
«Ura analizatu dugu, eta sulfato asko dauka. Lehenago zuen usainik oraindik ez dauka, baina adituek diote hori normala dela, hainbeste denboran galduta egondako iturburu batean. Batzuek, hala ere, usain pixka bat baduela diote. Denbora beharko du», azaldu dio Martin Aramendi alkateak egunkari honi.
Sufre, kaltzio eta artsenikotan aberatsa da, eta bainuetxearen garaian azaleko gaitzak tratatzeko erabili izan zuten, gehien bat.
Erromeria bat egin nahian
Herritar batzuek dagoeneko azalean probatu dute Erremedioko ura; «mesede egiten duela esaten dute, ona dela». Pertza bat ere jarri dute iturburuaren ondoan, ura hartzeko. Inguru guztia hesitu, garbitu eta mahai-aulki batzuekin hornitu dute.
Aurrerantzean, udaberri aldera urtero erromeria egiteko leku aproposa dela ere bota du alkateak, «aitzakia horrekin auzolanean garbituta». Urarekin festa egiteko neurriko erremedioa.