Pilota txapelketako finalekin hasiko dituzte sanmigelak Ezkion
Bosgarren Goxua Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte ostiralean. Txupinazoa 19:00etan botako dute. Astelehenean amaituko dituzte San Migel jaiak.
San Migel jaiak ate joka dituzte Ezkion. Datorren ostiralean hasi eta astelehenera bitartean luzatuko dira aurten festak. Kirol probek, bazkari herrikoiak, musikak, txapelketek eta erakustaldiek osatuko dute aurtengo egitaraua, besteak beste. Dena prest dago jada, ostiralean 19:00etan txupinazoaren ondotik festa lehertzeko.
Sanmigeletarako egun gutxiren faltan, atzo giroa berotzeko Goxua pilota txapelketako finalerdiak jokatu zituzten Ezkioko pilotalekuan. Finalak, ostiralean jokatu dituzte, txupinazoaren aurretik, 17:00etan hasita.
Pilota jaialdia, hasteko
Ezkioko pilota eskolak antolatuta, 5. Goxua pilota txapelketa jokatu dute aurten bost mailatan banatuta: aurre-benjaminak, benjaminak, kimuak, seniorrak eta lehendabiziko aldiz, nesken aparteko txapelketa bat ere izan da. Haurren mailan nesken parte hartzea oso baxua zela ikusita, nesken pilotari bultzada bat emateko antolatu dute.
Ezkioko pilota eskolako Alex Fernandezek esan duenez, «guztira, 144 partida jokatu dituzte haurren mailan, eta 90 bat haur aritu dira pilotan». Legazpi, Lazkao, Urretxu, Zumarraga eta Ezkioko pilota eskoletako pilotari gazteek hartu dute parte. Finalak horrela geratu dira. Aurre benjaminetan, Ferreira- Agirreurreta (Lazkao) Aranguren-Garmendia (Lazkao); benjaminetan Ur-Oinatz (Legazpi)-Otegi-Arrieta (Lazkao); kimuetan Soberon-Arrieta(Lazkao)-Ruiz-Aranburu (Lazkao).
Senior mailan, «12 bikotek» hartu dute parte, «Goierritik ez ezik, kanpotik ere etorri dira pilotariak», argitu du Fernandezek. Finalean, Intxa eta Piña segurarrak Mujika-Kantxo tolosarren aurka arituko dira. Nesken txapelketan 3. eta 4. postuak jokatu zituzten astelehenean: Zumarragako Lur Telleria eta Izar Etxezarretak 22-12 irabazi zuten Maddi Cruz eta Irati Arroyoren aurka. Finala pilotari nafarren artean jokatuko da ostiralean: Irati Altxu-Iraide Iriarte, Dunixe Alberro-Janitz Irigoienen aurka.
Kirolari dagokionean, igandean jokatuko den Izazpiko igoera proba da nabarmendu beharreko beste bat. Iaz Oier Elorza (34:00) azkoitiarrak eta Igone Campos (42:57) zumarragarrak irabazi zuten proba. 1982an Juan Mari Garinek ezarritako errekorra ez du oraindik, inork hobetzerik lortu.
Txokolatea, amaitzeko
Kirolaz gain, sagardo dastaketa izango da ostiralean txupinazoaren ondotik, eta mus txapelketa pilotalekuan, afal ondorenean. Larunbatean, herri bazkaria egingo dute eta arratsaldean eta gauen Joselu Anaiak taldearen erromeria egongo da. Tartean, 22:15ean su artifizialak ere bai. Igandean, 10:30ean haurren kros herrikoia izango da, eta 11:30ean aurrez aipatutako Izazpiko igoera. Arratsaldean, herri kirol erakustaldia egongo da eta ondoren, barrikotea. Astelehenean amaituko dituzte jaiak, meza nagusia dago 11:00etan eta punttu txapelketa eta txokolate jana 17:00etatik aurrera.
EGITARAUA
Maiatzak 5, ostirala
- 17:00. Haur eta helduen pilota partidak. Ondoren, txokolatada.
- 19:00. Txupinazoa. Ondoren, sagardo dastatzea trikitilariek alaituta.
- 22:00. Mus txapelketa frontoiko lokalean.
Maiatzak 6, larunbata
- 13:00. Toka txapelketa.
- 14:30. Herri bazkaria eta bingoa.
- 17:00etatik 19:00etara. Haur jolasak.
- 20:30. Joselu Anaiak.
- 22:15. Su artifizialak. Ondoren, Joselu Anaiak.
Maiatzak 7, igandea
- 10:30. Haurren kros herrikoia.
- 11:30. Helduen kros herrikoia Izazpiko igoera.
- 13:00. Trikipoteoa.
- 18:30. Herri kirolak, ondoren, barrikotea musikaz lagunduta.
Maiatzak 8, astelehena
- 11:00. Meza nagusia. Ondoren, trikitilariak bazkal ordura arte.
- 17:00. Punttu txapelketa hirugarren adinekoentzat. Ondoren, txokolatea banatuko da bertaratzen diren guztien artean.
- Egunean zehar trikitilariek alaituko dute giroa.