Iraganeko ondare, etorkizuneko baliabide
Datorren maiatzaren 14arako Gipuzkoako Erroten Eguna antolatu dute. Mutiloako Errotatxo eraikinaren zaharberritzea da erroten balioa aitortzeko egiten ari den ahaleginaren adibideetako bat.
Errotatxo eraikin berritua Mutiloako herrigunean. // Argazkia: Josune Zarandona Errotak Euskal Herriko ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mendeetan zehar, Goierrin ere, garrantzia handia izan dute herrietako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen antolaketaren eta giza jardueraren adierazpenik esanguratsuenetako bat dira, gizakiak bere ingurunearekin izan dituen harremanei eta bertako kulturaren eta historiaren parte diren iraganeko bizimoduei buruz hitz egiten duena.
Erroten balioa ezagutarazteko helburuarekin bigarren urtez Gipuzkoako Erroten Eguna egingo da igandean. Makina bat jarduera antolatu dira erroten inguruan eta pasa den larunbatean Beasainen egin zuten jardunaldi hauen aurkezpena eta lurraldeko errotarien topaketa. Aurkezpenean parte hartu zuen, besteren artean, Iñaki Ugaldek, Mutiloako alkateak. Errotatxo eraikinaren zaharberritzeaz eta aurrera begira eman nahi dioten erabileraren inguruan hitz egin zuen.
Mutiloako Errotatxo errota XIX. mendeko eraikina da. 1982an eten zuen bere jarduna eta Jose Antonio Alustiza izan zen bertako azkeneko errotaria. Eraikina altuera ezberdinetan eraikita dago; eraikin batean ukuilua, errotariaren etxebizitza eta ganbara daude eta bestean, errota. Martxan egon zen urteetan Troi eta Zerain erreketatik jasotzen zuen ur emaria. Ugaldek azaldu duenez, Mutiloako Udalak 2006an erosi zuen Errotatxo, «nahikoa egoera txarrean» zegoela. Zaharberritze lanak 2012an hasi zituzten eta fase ezberdinetan burutu dituzte. Oraindik «guztiz amaitu gabe» dagoen arren, 2022an inauguratu zuten eraikina.
Hurrengo erronka: erabilera
2012an «Santiago Bideko erakinen artean monumentu izendapena» eman zion Eusko Jaurlaritzak eta ordutik kalifikatutako kultur ondarea da. 2012-15 urte artean egin ziren lehengo faseko lanak. Eraikina egoera «kaskarrean» zegoenez «teilatua konpontzea eta egitura sendotzea» izan ziren lehenengo egin beharrekoak. 2020-2021 urte artean ekin zioten bigarren faseari. Eraikina barrutik egokitzeko lanak izan ziren. Passive house filosofian oinarritutako eraikina da Errotatxo, alkateak esan duenez, «hasieratik garbi izan genuen mota honetako eraikin bat izatea nahi genuela».
2021ean errota berriz martxan jartzeko lanak egin zituzten eta gaur egun bisita gidatuak antolatzen dituzte. Errota dagoen lekuan, «herriko ondarea jasotzen duen gune bat» ere egokitu dute. «Antonio Iparragirre bizilagunak errotarekin zerikusia duten hainbat elementu utzi dizkigu», aipatu du. Herriko beste familia batek ehungailu bat ere utzi dio udalari eta ehungintza tailerra kokatu dute Errotatxon.
Iñaki Ugalde. Mutiloako alkatea
«Errota dagoen lekuan herriko ondarean jasotzen duen gune bat dago»
Orain, eraikinari zer erabilera eman erabakitzeko lanetan daude. «Goiekirekin batera bideragarritasun azterketa bat egiten ari gara, LurLaben eskutik laborategi bat ere sortu dugu. Gainera, Adinberrirekin elkarlanean, adinekoentzako gune bat jarri nahiko genuke. Horrekin lotuta eta herri txikia izanik, belaunaldien arteko lanketa bat ere egin nahiko genuke. Honi buruz Eusko Ikaskuntzarekin saio bat egiteko asmoa ere badaukagu», aurreratu du.
«Pozik» daude momentuz, eraikinari bestelako erabilera bat eman diotelako. Proposamen berrietara «irekita» daude eta aurrera begira ere «lanean jarraituko» dutela dio Ugaldek.













