Ikastola eraberrituan lehen festa
Lazkaoko San Benitok Ikastolaren Jaia ospatuko du ostiral iluntzean. Eraikin berriak barrutik ikusteko aukera izango da, bai DBH batxilergoko eremu berritzailea, bai HH-LH gelen aldaketa.
Lazkaoko San Benito ikastolak lehenbiziko aldiz Ikastolaren Jaia antolatu du. Ostiral arratsean, 18:00etatik 20:00ak aldera arte egingo dute lehenbiziko juntadizoa. Badu zer erakutsia eta zer ospatua: eraikin berriak gurasoei eta herritarrei aurkeztea, eta ikastolako hezkuntza eraldatzaile proiektuaren harira egin dituzten azpiegitura-aldaketak erakustea dira festaren ardatzak. «Herritik sortu dena, berriro herriari zabaldu nahi diogu Ikastolaren Jaiarekin», azaldu dute Xabi Maiza zuzendariak eta Josune Etxeberria Batxilergoko koordinatzaileak.
Batetik, irailetik erabilgarri dagoen DBH-Batxilergoko eraikin berriaren jendaurreko aurkezpena egingo dute. Ikasleek ikasturte osoan gozatu dute instalazio berriekin, baina publikoki inauguraziorik edo aurkezpenik egin gabeak ziren. «Eraikin berriak jakin-mina sortu du, eta ikasle izandako asko ere etorri dira ikusteko gogoz, ate joka». Hala, barrutik ikusi ahalko da.
Lehengo ikastola-etxeari eranskin batzuk eta solairu batzuk berriak gehitu zizkioten, iaz. Inbertsio handia eskatu dio ikastolari. Espazio zabalak dituzten eremuak prestatu dituzte eraikuntza berrian. Une berean, tokiaren baliabide, txoko eta altzari-mota desberdinak baliatuta, modu askotara eta talde batek baino gehiago gehiagok lan egin dezakete. Zurezko harmailadi bat, lan mahaiak, bileratxoak edo lanak egiteko mahai-konpartimenduak eta askotarako erabil litekeen areto handiak ditu. Beirateen argitasun naturalak eta hormarik ez edukitzeak handitzen dute espazioaren pertzepzioa.
HH-LH eraikinean ere bai
San Benitoren batxilergoko eraikinean bakarrik ez, HH-LH eraikinean ere egin dituzte berrikuntzak azken urte hauetan, hezkuntza-eredu berrira egokitzeko. Gelak birmoldatu dituzte han. Espazio itxiak eta zurrunak izan beharrean, denen arteko mugimendua eta irekitasuna baliatzeko moduan jarri dituzte, erabilera eta tokia malgututa. Ikasleak, mailakoen artean, denak denekin ari daitezke, beharren eta nahien arabera.
Behin obra eta egokitzapen guztiak bukatuta, guraso, irakasle ohi eta herritar guztiei egin die San Benito Ikastolak etziko festara joateko gonbita.
Ikastola ikusteko aukera, ekitaldia eta sorpresak
Ikastolaren eraikinak barrutik ikusteko eta berrikuntzak ezagutzeko aukera izango da Ikastolaren Jaiaren helburua. Ostiralean 18:00etan hasiko da. Aurrena, hezkuntza komunitateko kide diren guraso eta familiek, irakasle erretiratuek, Lazkaoko herritar guztiek eta gonbidatutako erakunde, elkarte nahiz beste ikastola batzuetako ordezkariek izango dute bisitak egiteko aukera.
Ikustaldiak bukatutakoan, 19:00ak aldera, ekitaldia izango da, estalitako jolastokian. Ikastolako zuzendarien eta artezkaritzakoen hitzartzeak, musika emanaldi bat eta San Benitorekin zerikusia duen «sorpresaren bat» egingo dituzte.
Azkenik, jai edo topaketa xumea bukatzeko, DBH4ko ikasleek pintxoak eta edariak salduko dituzte, ikasbidaiarako sos batzuk ateratzeko. 20:00ak aldera bukatuko da Ikastolaren Jaia. Lehenbiziko esperientzia, hurrengo urteetarako abiaburu izan daiteke.