Legazpiko Udala prest dago datorren asteko elurteari aurre egiteko
Eguraldi txarra dago iragarrita hurrengo asterako, eta neurriak hartu ditu aurrez udalak, baliabide materialak eta pertsonalak prestatuta.
Datorren asterako eguraldi iragarpenak ez dira onak, eta elurra egin dezakeela diote. Horren aurrean, Legazpiko Udalak neurriak hartu ditu, eta elurraren ondorioei aurre egiteko prestatu dituen baliabide materialen eta pertsonalen berri eman die herritarrei, aurreko urtekoekin alderatuta gehitu egin dituelako.
Horrela, elurteei aurre egiteko zerbitzua 24 orduz izango du indarrean udalak, hala behar izanez gero, eta 20 udal langile egongo dira prest lanerako. Eta gainera, honako baliabideak ere izango ditu: Land Roverrari erantsiko zaion pala berri bat, 24 ordutan erabiltzeko; espaloiak garbitzeko pala duen orga motorizatu bat; gatza barreiatzeko kamioi bat; eta bi bobcat edo hondeatzaile txiki espaloiak garbitzeko.
Gainera, behar izanez gero, gatza banatuko du herriko bost puntu hauetan: Urtatza 29- 69 ingururako, Junetorri markesinaren ondoan; Laubide 11 ingururako, Domingo Agirre hexagonoaren ondoan; Txorronea inguruan; Telleriarteko plazan; eta Brinkolan, apaizaren etxearen ondoan. Gatza behar dutenek, ontzia eraman beharko dute.
Udalaren biltegian ez dute gatza banatuko, eta norbaitek behar izanez gero, udaletxera deitu beharko du eskatzeko.