«Ez dut pilotakadarik jo agurraren egunetik»
Gaur urtebete zabaldu zen berria: Iker Irribarriak pilota utziko zuen, belauneko lesio baten eraginez. Egun bat geroago esan zuen hark. Urtebeteren ostean, «oso gustura» bizi da.
Autoan iritsi da Iker Irribarria (Arama, Gipuzkoa, 1996), alaba haur eskolan utzi berritan. Kafe baten inguruan izan da elkarrizketa. Bukatzean, «etxeko lanak» egitera joan da. Hori da haren egunerokoa orain.
Bihar beteko da urtebete erretiroa hartuko zenuela jakinarazi zenuenetik. Gogoratzen zinen?
Bai. Ez dut ahaztu: otsailaren 21ean zabaldu zen utziko nuela, eta 22an esan nuen nik. Hantxe nengoen eserita albistea zabaldu zenean [tabernako terrazako mahai bat seinalatu du].
Zer sentitzen duzu egun horiek gogoratzean?
Nola den posible pilota utzi ondorengo lehen bi asteak hain geldi pasatzea, eta konturatu orduko jada urtebete pasatu izana.
Ona da azkar igaro izana?
Uneak eta uneak egon dira. Ez naiz pilotatik guztiz aldendu: ikusten dut oraindik ere, eta partida garrantzitsuetan gorputzak gogoratzen dit zenbat adrenalina askatzen nuen halakoetan. Badaude une gogorrak, zeinetan han egon nahiko nukeen. Baina, bestetik, badakit zenbat sufritzen nuen jokatu ondorengo egunean. Orain, inbidia sentitzen dut partida egunetan, baina lasai egoten naiz hurrengo egunean, inolako minik gabe. Eskertu egiten dut jokatu ez izana.
Belauneko lesio batengatik utzi zenuen. Zer moduz duzu?
Askoz min gutxiago dut, baina neurria hartuta diodalako da. Egun daramadan bizimoduagatik askoz errazagoa da hori egitea. Lehen, behartuta nengoen neurriz kanpo ibiltzera, entrenatzen eta jokatzen, eta asko sufritzen nuen. Orain, aldiz, askoz gutxiago sufritzen dut, baina, neurriz kanpoko zerbait egiten badut, belaunak segituan egiten du protesta. Hobeto dut, baina ez nahiko nukeen bezala.
Traba egiten dizu egunerokoan?
Egokitu egin behar izan dut. Nire inguruan kirola egiten duen 27-28 urteko jendeak nik baino bizitza askoz egokiagoa du. Ni oso mugatuta nago kirolean. Niretzat 27-28 urterekin kirola bada bizitza normalaren parte, eta ezin dut nahi bezainbeste egin; ezin ditut egin egin nahiko nituzkeen gauza asko. Baina, bizikletan, ez dit inongo minik ematen, eta horri eusten diot. Nire belaunari begiratuta egiten dut bizitza normala.
Nola eraman duzu aldaketa?
Uste baino hobeto. Albistea eman baino lehen hasia nintzen lan psikologikoa egiten trantsizioa egiteko. Une horiek oso gogorrak izan ziren, batez ere medikuak esan zidanean pilotaz ahaztu behar nuela. Uztea beti da tristea, eta ezinegona eragiten du, ez dakizulako gauzak ondo joango diren. Publiko egin nuenean askoz errazago eraman nuen dena; jendeak ulertu ninduen, eta hori sekulako sentipena da pertsona batentzat.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.