Urretxuko Sukaldanitzak ekimenean, askotariko platerak mahai bakarrerako
Urretxun gaur egin dute, gastronomiaren aitzakian, jatorri askotako herritarren arteko topaketa. Goierri elkarteak, munduko platerak prestatu dituzte, gero elkarrekin dastatzeko.
Gastronomiak desberdinak batzeko duen dohaina baliatu dute gaur, beste behin, Urretxuko Sukaldanitzak ekimenarekin. Egun euritsuan barru-giro zegoela baliatuz, inoizko partaide gehiena elkartu dira, sukaldean aritu, beste kultura eta jatorri batzuetako platerak egiten ikasi, eta, batez ere, guztiek elkarrekin mahaian txolarte eder bat igaroz dastatzeko.
Aurten ia 40 pertsonak eman dute izena, aurreko urteetan baino gehiagok. Hiru saio antolatu dituzte. Gaur izan da aurrenekoa, Urretxuko Goierri elkartean. 10:30erako han ziren 27 lagun, munduko toki askotatik etorriak eta bertan bizi direnak. Erosketak elkarrekin egin dituzte, gero elkarteko sukaldera sartu eta aniztasun menua sukaldatzeko.
Hego Amerikako sukaldeetako bi plater aukeratu dituzte, gaurko. Kolonbiako “bandeja paisa” eta Peruko “pie de limón” limoizko opila, postre bezala.
Bigarren saioa martxoaren 2ra aldatu du Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza sailak, agenda arrazoiengatik. Senegalgo “yassa guinar” errez (oilaskoa eta arroza tipula saltsan) prestatuko dute orduan, eta postretarako gozo marokoar bat.
Hirugarren eta azkeneko saioan, martxoaren 23an, porrusalda, albondigak eta txokolate musa prestatuko dituzte.
Izena eman duen pertsonak jatorri anitzeko herritarrak dira: Kolonbia, Peru, Costa Rica, Senegal, Maroko, Nikaragua, Venezuela… Euskal herritarrak ere bai, tartean. Batzuek iaz ere parte hartu zuten, eta errepikatzeko prest azaldu dira. Beste asko, Urretxura azken hilabeteetan iritsiak direnez, proiektuaren berri izan orduko edo Harrera Eskolan parte hartutakoan animatu diren herritarrak dira.
Inor kanpoan gera ez dadin, partaide bakoitzak hiru saioetatik bitan parte hartu ahalko du.